Espainiako Auzitegi Gorenak eskatutakoaren kontra, 'Bateragune auziko' epaiketa berriro ez egitea proposatu zuen Juan Carlos Campo Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak eta epaimahaiko 11 magistratuetatik zazpik auzia bukatzearen alde bozkatu zuten, epaiketa berriro egitea "neurriz kanpokoa" litzatekeela arrazoituta. Bukatu da, beraz, duela hamabost urte Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile zen Baltasar Garzonek hasitakoa. Legez kanporatutako Batasuna alderdia ETAren aginduz berriz sortu nahian aritzea egotzita atxilotu eta epaitu zituzten bost lagunak, eta osorik bete zuten zigorra. 2018an Estrasburgoko Auzitegiak epaiketa ez zela inpartziala izan ebatzi zuen gero.
• Hamabost urte geroago, amaitutzat eman dute 'Bateragune auzia'. Zer sentitzen duzu?
Poza, porrot egin dutelako euren eginahalean. Guk hasieratik izan dugu garbi oinarri politiko garbia zuen auzia izan dela hau. Helburu politiko batekin agindu zuten polizia operazioa eta epaitu gintuzten, eta jendeak garbi izan behar du hori: zirkulazio politikotik kendu nahi gintuztelako sortu zutela muntaia judizial hau guztia. Bazekiten ezker abertzalearen estrategia aldatzeko lanean genbiltzala, baina estatuan baziren sektore batzuk ez zutena nahi inondik inora ETAk jardun armatua laga zezan. Orain eskandalizatu egiten dira hori entzutean, baina duela gutxi entzun diot Josep Borrelli esaten [Atzerri politikarako EBren burua] Israelek Hamas finantzatu zuela Palestinako Aginte Nazionalaren kontra egiteko; beraz, gauza hauek gertatzen dira munduan. Ezker independentistaren askapenerako potentzialtasuna neutralizatu nahi izan zuten, baina porrot egin dute.
• Konstituzionalaren epaia bera "ezohikoa" izan dela nabarmendu duzu.
Bai, oso arraroa delako gu euskal herritarrak eta abertzale independentistak izanda, juje espainiarrek guri arrazoia ematea. Baina hain zen eskandalagarria Auzitegi Gorenak egindakoa, garbi genuela ezinezkoa zela Auzitegi Konstituzionaleko jujeek hura babestea. Hala ere, Iñigo Iruin abokatuak sarri ohartarazi izan digu juridikoki posible izan ez arren, gurekin ari direnean dena dela posible. Horregatik esaten dut gutxienez zerbait positiboa iritsi zaigula Espainiako auzitegi batetik.
• 'Zenbat aldiz lapurtzen diguten herri bat eraikitzeko denbora. Zenbat aldiz asmatu ohi duten atzera itzultzeko aitzakia bat...", dio 'Bateragune auzikoei' elkartasuna agertzeko zenbait artistak sortu duten kantuak.
Euskaldunok mendeak daramatzagu Damoklesen ezpata gainean dugula. Energia pila xahutu arazi digute, errepresioa erabilita. Lapurtu dizkigute herri bat eraikitzeko denbora eta energia. Baina, zorionez, orain, bai ezker independentistaren partetik, bai eta beste askoren partetik ere, badago beste ikuspegi bat. Orain garbi dugu, lehenengo eta behin, gure herria eraiki behar dugula, ahalik eta energia gutxien xahutuz beraiei erantzuten. Baina egon zen garai bat ezin genuena hori egin, etengabe egon behar ginelako sarekadei, torturei, kartzelaldiei... aurre egiten. Horrek errepresioaren kontrako kontzientzia garatzeko balio izan dio herri honi, eta garbi ikusten da hori orain ere, Palestina herri zapalduarekiko erakusten dugun elkartasunean
adibidez.
• Egin dezagun atzera begirakoa. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zintuzteten 2011n, eta 8 eta 10 urte arteko zigorrak ezarri zizkizueten. ETAk jardun armatua laga zuen gero, 2011ko urrian, eta 2012an, Auzitegi Nazionalak emandako epaia berretsi zuen Gorenak, zigorrak murriztuta. Zer rol jokatu du Gorenak prozesu osoan zehar?
Hemen badago gauza bat belaunaldi berriek jakin behar dutena. Franco hil zenean haren mende zegoen jurikatura guztia, kolpetik, demokrata bihurtu zen. Miraria! (kar-kar). Batetik dago hori, eta bestetik, espainiar estatuan, eta gainerakoetan ere bai ziurrenik, juridikatura oso familia arteko kontua izan dela betidanik; oso kontu egozentrikoa. Oso ohikoa izan da familia berean juje asko izatea. Eta bi faktore horiek batuta ematen dute daukaguna: demokratikoa ez den jurikatura bat, kasta bat izaten ohitua dagoena. Eta Auzitegi Gorenean hori oso nabarmena da. Kataluniako prozesuan ere oso argi ikusi zen abangoardia papera jokatu zutela Kataluniaren independentzia eragozteko. Gure kasuan ere, antzera. Auzitegi Nazionalak hamarna urteko kartzela zigorrak ezarri zizkigun, dena ETA da tesi horren baitan, eta Gorenak tesi hura berretsi zuen, baina zigorrak murriztu zizkigun, ETAko zuzendaritzakoak ez ginela esanda. Bost epaile ziren epaimahai hartan eta hiruk bozkatu zuten gure kontra eta bik alde. Konstituzionalean, berriz, 11 epaileetatik zazpik bozkatu dute auzia bukatzearen alde, eta lauk kontra. Beti egon da eztabaida epaileen artean, eskandalagarria izan delako muntaia guztia.
• 2016ko martxoaren 1ean laga zintuzten libre, eta 2018ko azaroan, zigorra beteta zenutela eta bostok kalean zeundetela, etorri zen Estrasburgoren epaia. Espainiako justizia sistemari kargu hartu zion, ez zirela inpartzialak izan esanda. Zenbateraino izan da erabakigarri Estrasburgo prozesu honetan?
Estrasburgok emandako epaiak betetzera derrigortuta daude estatuak, askok, sarri, betetzen ez dituzten arren. Gure kasuan, epaiketa bidegabea izan genuela ebatzi zuen Estrasburgok, Angela Murillo epailea ez zelako inpartziala izan, eta jakina, justizia egingo bada, oinarri-oinarrizko baldintza da hori. Eta esan zuen, baita ere, guri zegokigula erreparaziorako modurik egokiena zein zen esatea, eta beraz, guk eskatu ezean, ez zegoela modurik epaiketa berriro egiteko. Estrasburgoren epai hari bide emateko asmoz, gure abokatuak babes helegitea jarri zuen gero, gutxienez epaiketan jasotako zigorrak indargabetu nahirik. Eta hor sartu zen berriro jokoan Auzitegi Gorena. Lehenengo, 2020ko udan, ordura arteko zigorrak bertan behera laga zituen, guk eskatu bezala. Auzia itxitzat emateko moduan zen beraz, Estrasburgok esana zuelako aurrez guk eskatu ezean, ez zegoela modurik epaiketa berriro egiteko, eta guk ordurako zigorrak beteta genituenez, ez genuelako eskatu. Tranpa egin zuen Gorenak.
• AVT-Verde Esperanza biktimen elkarteak eskatu zuen auzia zabalik mantentzeko?
Bai. Saiatu zen Auzitegi Nazionalean lehenengo, baina ez zuen lortu, eta lortu zuen gero Auzitegi Gorenean. Fiskalak AVTren tesiekin bat egin eta epaiketa berriro egitea eskatu zuen. [2020ko abenduan], eta etorri zen Pablo Llarena epailea, Kataluniako prozesuaren auzian instrukzioa egin duena, eta onartu zuen epaiketa berriro egitea. Eta hor dator beste kontu larri bat, Zuzenbideaz zertxobait dakien orok dakielako ezin dela pertsona bat bi aldiz epaitu auzi beragatik. Norbaitek sinistu dezake Auzitegi Goreneko presidenteak ez dakiela hori? Eskandalua da! Tranpa egin zuen, baina espainiar kulturan tranpa egitearena genero literario bat bihurtu zuten bere garaian, eta oso ohikoa dute. [Babes helegitea aurkeztu zuen gero defentsak Auzitegi Konstituzionalean auzi beragatik bi aldiz epaitua ez izateko eskubidea urratzen zelakoan, eta lortu dute Konstituzionalak frenoa ematea].
• Kaltea egina dago. Kalte-ordainak eskatzeko bidea aztertzen ari zarete, baina horretarako, Auzitegi Goreneko areto batek akats judiziala izan dela adierazi behar du. Orain artekoak ikusita, zer espero daiteke Gorenetik?
Nabarmena da akats judiziala egon dela, eta uste dugu onartuko duela, baina ikusi egin behar!. Prebarikazio kate bat egon da hemen, baina euren menpe gaude, akats hori egon dela onartu ezean guk ez daukagulako kalte-ordainak eskatzerik. Baina ez dugu etsiko.
• Estatuari zuzendu zatzaizkio. Zer esateko?
Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak zioen espainiar estatuak dena egin duela Katalunian independentismoa gelditzeko, eta zer esanik ez hemen, Euskal Herrian, gehituko nuke nik. Milaka pertsona torturatu dituzte, jazarri gaituzte, jendea hil dute... Eta nire galdera da: Ikasiko al dute bide horretatik ezingo dutela independentismoa gelditu eta komeni zaiela beste alternatiba bat bilatzea? Bada ordua onartzeko Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela. Elkarbizitzaren inguruan ere hausnartu behar lukete. Bake eta konponbide agertokira iristeko egin behar genuela uste genuena egin dugu guk. Guk aitortu genuen gure ardura sekula gertatu behar ez zuen sufrikarioan, baina estatuak noiz onartu behar du Espainiaren batasuna babesteko eragin duen min guztia? Eskatzen diogu gogoeta hori egiteko, baina ez alor penalean jazarpenik planteatzeko, haiek gurekin egin duten bezala, baizik eta elkarbizitzaren alde egiteko. Nik uste dut helduko dela momentu hori.
• Nola bizi izan dituzu hamabost urte hauek?
Gogorra izan da oso, bereziki etxekoengatik. Albiste bat sortzen den aldiro, okerrenean pentsatzen jarri behar zara eta horrek sekulako tentsioa sortzen du. Ama ere galdu nuen kartzelan nengoela. Guk garbi geneukan zertan ari ginen, eta bagenekien atxilotuak izateko arriskua geneukala, ezin eramana zitzaielako ETAren indarkeria armatua herri honen ekuazio politikotik desagertzea, baina hala ere, gogorra da. Pozik nago hasi genuen bide hura gero sustatu zelako eta esan dezakegulako gaur hobeto bizi garela. Oraindik gauza asko falta dira konpontzeko eta egiteko, baina uste dut hor ibili ginenok pozik gaudela. Gauza batzuk ezin dira erreparatu, baina gutxienez, justizia poetikoa eginda, 15 urtera.
ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1314. zenbakian -PDF-
ç