Elgoibarren duintasunaren kolunbarioa ipintzeko akordioa

Barren.eus 2016ko api. 15a, 12:06

Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak jakinarazi duenez, Elgoibarren duintasunaren kolunbarioa ipintzeko eta 1936ko gerrako memoriaren zenbait ibilbide martxan jartzeko akordioa lortu dute. Elgoibarko Aiastia auzoan hasiko da ibilbideetako bat, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko fronteari buruzkoa, hain justu ere. Era berean, Zelaietaburun beste Gudari biren gorpuzkinak aurkitu dituztela jakitera eman du Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak. 

Historiaren eta memoriaren arloko elkarteek, udal batzuek eta erakunde zenbaitek urteak daramatzate lanean 1936ko gerrari loturiko eremuak eta ibilbideak berreskuratzeko. “Lan horiek modu irregularrean egin dira, koordinaziorik gabe ere batzuetan”, azaldu dute 2015. urte amaieran sortu zuten Gogora institutuko arduradunek. Gogorako Zuzendaritza Kontseiluak onartutako proiektuetarik bat, hain justu, memoria-eremuak eta ibilbideak interpretatzeko hiru proiektu pilotu abian jartzea da, memoriari, giza eskubideen balioari, askatasunari eta printzipio demokratikoei buruzko tresna pedagogikoak izan daitezen. Hala, aurrerantzean egingo den lana “orain arte egindakoan oinarritzea da asmoa”.

Duintasunaren kolunbarioa

Gogorako Zuzendaritzak onartu duen beste proiektuetako bat da Duintasunaren Kolunbarioak sortzea; identifikatu ezin izan diren pertsona desagertuen gorpuzkiak gordetzeko eremuak sortzea. Horietan, familiek hala nahi izanez gero, 1936ko gerran hildako identifikatuen gorpuzkiak ere gorde ahal izango dira. Estreinako kolunbarioa Elgoibarren ipiniko dute, hasierako egitasmoa “berregokitu” eta gero. Era berean, etorkizunean kolunbario gehiago ere eraikiko dituzte eta honako toki hauek planteatu dituzte kokagune posible bezala: Larrabetzu, Artxanda, Urduña, Albertia eta Aritxulegi. 

Memoriaren ibilbideak

Memoriaren ibilbideak interpretatzeko honako proiektu hauek abiaraztea ere onartu du Gogorak, 1936ko gerrarekin loturik, lehendabizikotik hasita:

  • Gipuzkoa eta Bizkaia arteko frontea, Aiastiatik (Elgoibar), Elgeta, Intxorta, Arrate (Eibar) eta Markina-Xemeineraino.
  • Burdinazko gerrikoa.
  • Legutio-Albertia.
  • Andatza-Buruntza-Murumendikoak.
  • Aiako Harriak.
  • Matxitxako.

•Zelaietaburuko Gudarien gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanen jarraipena, domekan

Aranzadi Zientzia Elkarteak pertsona baten gorpuzkinak atera zituen, joan den martxoaren 5ean, Zelaietaburun (Etxebarria), Elgoibarko lurretatik metro gutxitara. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideek jakitera eman dutenez, beste bi pertsonen gorpuzkinak aurkitu dituzte lehena aurkitu zuten ondoan. Eguraldi hotz eta hezearen ondorioz joan den martxoaren 5ean amaitu ezin izan zituzten lanak bukatzera itzuliko dira Aranzadikoak domeka honetan, hilaren 17an. “11:30etan haien borrokaren oroimenean, haien duintasuna goraipatuz omenaldia egingo zaie inguru hauetan borrokatu zuten gudariei eta borrokalari antifrankista guztiei”, jakitera eman dute.

2016 04 15 zelaietaburu pakoetxebe∞Lotura duten albisteak: