Gazako sarraskia gelditzeko eskatzeko batu dira

Barren.eus 2023ko aza. 8a, 15:28

Gernika-Palestina elkarteak deituta Palestinari babesa emateko mobilizazioak egin dituzte aste honetan Euskal Herrian zehar, baita Elgoibarren eta Mendaron ere.

Martitzenean izan ziren elkarretaratzeak Elgoibarko Kalegoen plazan, eta Mendaroko Herriko Enparantzan. Euskal Herrian antolatu diren mobilizazio uholdearen tanta bi izan dira, izan ere, Gernika-Palestina herri deialdiak Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna! lelo hartuta mobilizazioak deitu zituen martitzenerako Euskal Herriko herrietan. Euskal Herriko 107 herritan egin zuten bat deialdiarekin.

Urriaren 21ean manifestazio nazionala egin zuten Donostian, Gernika-Palestina taldeak deituta, eta orduan ateratako irakurketari eutsi diote oraingoan ere. Honako hauek dira plazaratu dituzten aldarrikapenak:

  1. Berehalako su-etena eskatzen dugu, eraso guztien amaiera eta zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea.
  2. Halaber, Gazako zerrendaren setioarekin eta, oro har, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuarekin bukatzea eskatzen dugu, bai eta laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzea ere.
  3. Herritar palestinar eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela uste dugu.
  4. Konponbide baketsu eta negoziatua bilatzeko deia luzatzen diegu alde guztiei eta nazioarteko komunitateari; Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte zorrotzean oinarritzen den konponbidea, alegia.
  5. Horretarako premiazkoa da elkarrizketa prozesu bat abiatzea. Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, nahitaezkoa da okupazioari amaiera ematea eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea.

2023 11 07 palestina elkarretaratzea elgoibar kalegoen

∞Lotura duten albisteak: