Arratsaldean izango da aurten Trinitate jaietako nagusien danborrada

Barren.eus 2016ko mar. 31a, 09:23

Trinitate jaietako ekitaldi esanguratsuenetakoa den nagusien danborrada egun argiz egingo dute estreinakoz aurten, 19:00etan, hain justu ere. Maiatzaren 21ean izango da. Era berean, apirilaren 5ean hasiko dituzte entseguak.

23:30ean egin izan dute orain arte Trinitate jaietako nagusien danborrada, aurten, ordea, 19:00etan. Juan Carlos Arrieta antolatzaileak azaldu du eskariak jaso dituztela danborradako hainbat partaideren eta zenbait ikusleren partetik eta probatzeko aurten arratsaldean egingo dutela. “Bada orduarengatik nagusien danborrada sekula ikusi ez duenik eta aurten aukera izango dutela pentsatzen dugu. Gainera, danborrada hasieran nahikoa jende egoten den arren amaieran apenas inor. Denen gustua egitea zaila da”. 

Orain arte danborrada aurretik egiten zuten afaria Sigman eta aurten ostean, baita gero erromeria ere. 

Entseguen hasiera

Apirilaren 5ean egingo dute partaideentzat aurkezpena, 21:00etan, eta gero entsegua izango da. Hortik aurrera, entseguak, martitzenetan, 21:30ean egingo dituzte maiatzaren 17koa salbu, bandarekin izango baita. Entsegu orokorra, berriz, maiatzaren 19an. Guztiak merkatu plazako atikoan. 

Arropak hartzera maiatzaren 2an eta 4an pasatu beharko dira partaideak Danborradaren lokaletik (Pista beltzean), 19:00etatik 20:00etara. Estreinakoz parte hartuko duten lagunek, berriz, maiatzaren 3an eta 5ean arropa probatu beharko dute. 

•Kartel lehiaketa abian da

Danborrada iragartzeko kartel lehiaketa ere abian da. Kartelek honako mezua izan beharko du: Elgoibarko danborrada 2016. Maiatzaren 21ean arratsaldeko 19:00etan. 18 urtetik gorako edozeinek har dezake parte, teknika librea izango da, baina Lanak euskarri gogorrean aurkeztu beharko dira. A 2 edo neurri proportzionalean. 

Lanak Kultur Etxean aurkeztu beharko dira, apirilaren 20ko, 13:00ak baino lehen. Saria 300 eurokoa izango da. Nerea Oteiza Zubiaurrek irabazi zuen iaz egin zuten kartel lehiaketa.

2016 03 30 danborrada2015 1