‘Marea gora’ hitzaldi zikloa uztailean Deban, bailarako herritar guztiei zuzenduta

Barren.eus 2023ko eka. 27a, 12:05

Bailarako Esperientzia Eskolako ikasleek Marea gora izeneko hitzaldi zikloa antolatu dute uztailerako, profil eta ibilbide ezberdineko lau hizlari gonbidatuta. Bertan askotariko gaiak izango dituzte hizpide, besteak beste: ozeanoak, Ekialde Hurbila, adimen artifiziala eta zentral nuklearren aurkako mugimendua.

Hitzaldiak asteazkenetan izango dira, Debako Kultur Elkartean, 19:00etan.

Debabarreneko Ikasten elkarteak maiatzaren amaieran amaitu zuen Esperientzia Eskolaren 18. ikasturtea eta diplomak banatzeko ekitaldian aurreratu zuten bezalaxe, bertan parte hartu duten ikasleek –tartean dira Soraluze, Eibar, Elgoibar, Mendaro eta Debako herritarrak- hainbat proiektu dituzte eskuartean eta horietako bat da, hain justu, 'Marea gora' izeneko hitzaldi zikloa.
Joan den ekainaren 22an aurkeztu zuten hitzaldi zikloaren egitaraua, Debako Agirre jauregian eta antolatzaileek azaldu zutenez, zikloa bailarako herritar guztiei dago zuzenduta eta sasoiari erreparatuz, Deba hautatu dute solasaldiak eskaintzeko kokalekutzat eta Marea gora izena ere intentzio osoz jarri diote: “Mareak gora egiten duenean hondarra mugitzen du eta ura uhertu egiten da. Orduan, jendea hondartzatik joaten da, herrigunera adibidez. Guk hori nahi dugu, jendea herrira joan dadila hitzaldiak entzutera”. Zikloa Debako hainbat eragilek elkarlanean antolatu duten Gure Giro programazioaren baitan eskainiko dute, Debako Udalaren eta Kultur Elkartearen babesarekin.

 • Lau hitzaldi, askotariko gaiez
Ikasten elkarteko kideek nabarmendu zutenez, solasaldietan ibilbide pertsonal eta profesional luzea duten pertsonak izango dira protagonista eta askotariko gaiak izango dituzte hizpide. Egitaraua ondorengoa da:

  • Uztailak 5. Antartikatik gure itsas hondoraino. Hizlaria: Maria Intxaustegi (itsaspeko arkeologoa, kapitaina eta urpekari profesionala eta espedizio gidaria belaontziekin).
  • Uztailak 12. Gaurkotasuna Ekialde Hurbilean. Hizlaria: Mikel Ayestaran (ia bi hamarkada daramatza munduko lurralde gatazkatsuetan barrena lanean. Kazetari moduan, besteak beste, sari hauek jaso ditu: 2009ko Nazioarteko Prentsa Klubaren saria, 2017ko Manu Leguineche Katedra saria eta 2018ko Ignacio Ellacuria saria). Oharra: hitzaldia gazteleraz izango da.
  • Uztailak 19. Adimen artifiziala, azken iraultza teknologikoa. Hizlaria: Ibai Inziarte (Automozioan eta Robotikan ingeniaria. Gaur egun, Aldakin Taldeko Berrikuntza zuzendaria eta dibulgatzaile zientifikoa da). Oharra: hitzaldia gazteleraz izango da.
  • Uztailak 26. Geoparkea izan zitekeen Zentral Nuklearretik. Hizlaria: Pako Salegi (ibilbide profesional luzeko kooperatibista eta gizarte aktibista debarra. Besteak beste, Debako zentral nuklearraren aurkako militantea). Oharra: hitzaldia gazteleraz izango da.

Hitzaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira Debako Kultur Elkartearen areto nagusian.

2023 06 27 Marea Gora esperientzia eskola kartela tokikom 700x700

2023 06 27 Marea Gora esperientzia eskola aurkezpena b tokikom 700x700