Queen taldearen abestiak joko ditu Udal Musika Bandak ekainaren 9an Maalako parkean

Barren.eus 2023ko eka. 2a, 08:35

Queen gaua izendatu du datorren barikukoa, ekainaren 9koa, Elgoibarko Udal Musika Bandak. Orain urte batzuk hasitako ohiturari jarraituz, kontzertu berezia emango du bandak. Jon Gurrutxagak abestuko ditu talde britaniarraren abesti ezagunenak, herriko beste zenbait musikariren laguntzaz.

Herriko Antzokitik irten, eta Maalan izango da emanaldia, 22:30ean.

Ez da Elgoibarko Udal Musika Bandak horrelako kontzertuak antolatzen dituen estreinako aldia. Izan ere, Rock gaua egin dute behin baino gehiagotan herriko musikariekin batera, Celtas Cortos taldearekin ere aritu ziren, modu klasikoagoan Soraluzeko Ezoziko Ama abesbatzarekin ere eta iaz Gospel gaua egin zuten, Goizargi Gospel Choir taldearekin.
Oraingoan ordu eta erdiz Queen taldearen abestiek hartuko dute Maala eta bandako kideek herriko hainbat musikari izango dituzte lagun. "Gure Freddie Mercury Jon Gurrutxaga izango da eta bera abeslari lanetan jarduteaz gain, Patxi Zabaletak gitarra joko du, Andoni Mujikak baxua eta Silvia Hernandezek pianoa", jakinarazi digu bandako zuzendari Gorka Mujikak.
Berezia izango dela jakin badaki Mujikak. "Queen ezaguna da jende askorentzat eta nik uste dut funtzionatuko duela. Baina jendeari ez diot pentsarazi nahi Queen bere horretan entzungo duenik, kontzertua bandarentzat prestatuta baitago. Esaterako, Queenek joz gero bakarkako bat gitarrarekin egingo luke eta gure kontzertuan saxofoiarekin entzungo da, ezberdina izango da. Neurri handi batean bandak izango du bere protagonismoa".
Guztira 13 pieza joko dituzte eta horietatik bi bandak bakarrik joko ditu, aipatutako musikarien eta abeslariaren laguntzarik gabe. Hala ere, kantuen aukeraketa denen artean egin dute. Kantari izango den Jon Gurrutxagak jakinarazi digu kantu batzuk bandarako prestatuta zeudela jadanik eta beste batzuk egokitu egin behar izan dituztela. "Kantu gehienak ezagutuko dituzte entzutera gerturatzen direnek. Izan ere, taldearen kantu arrakastatsuak dira, eta Queenen oso zale izan gabe ere ziur nago noizbait, irratian bada ere entzun dituztela gehienek".
Hirugarrena izango da Jon Gurrutxagarentzat bandarekin kantuan egingo duen kontzertu hau eta berarentzat nolakoa izango den galdetuta esan digu Queenenak izanik "zailtasun puntu handia" daukatela kantuek. "Fredddie Mercuryk sekulako gaitasuna zuen eta alde horretatik erronka bat da niretzat kontzertu horretan abestea".
Hala ere, ilusio handiz arituko da bandarekin taula partekatuz eta prestatzeko lan handia egiten ari dira. "Guretzat ez da ohiko formatua. Metal instrumentuekin eta hainbeste musikari inguruan ditugula ez gara inoiz joaten eta sonoritatea ere ezberdina da, baina dudarik gabe gogoz jardungo gara".
Queenen kantuak ezagunak izanik eta herriko musikariak taula gainean egonda animatu nahi dituzte herritarrak kontzertura. "Ikutu berezia izango dute bandaren abestiek ohiko doinuetatik eta lekutik aterata eta gau polita izango den ustean etortzera gonbidatu nahi ditugu elgoibartarrak", esan du Gorka Mujikak.

2023 06 02 queen gaua elgoibar kartela