Emakumeen gaiak eta mitologiako pertsonaiak izango dira asteburuko bi antzezlanetan

Barren.eus 2016ko mar. 11a, 08:01

Bi antzezlan izango dira asteburu honetan Elgoibarren, helduentzat bat eta umeentzat bestea. Barixakuan (martxoak 11) Datorren urtean hobeto izeneko lana antzeztuko dute Itziar Urretabizkaiak, Ainhoa Garaik eta Iraitz Lizarragak. Domekan, berriz, Azken Eguzkilorea umeentzako antzerkia eskainiko dute.

Datorren urtean hobeto antzezlanean bizitzako pasarteak, bakarrizketa laburrak, pentsamenduak, kronikak, elkarrizketa motzak... taularatuko dituzte. Hogeita hamar urteak pasata dituzten hiru emakumeren “kezka, krisi eta pentsamenduak” lantzen ditu antzezlanak, beti ere, umore ukituarekin. Hala, egungo egoera ekonomikoa, gurasoen etxetik joatea edota umeak eduki ala ez bezalako gaiak aztertuko dituzte, pertsonaia ezberdinen bidez.

Katalunian egindako antzezlan batean oinarritzen da testua; Bartzelonan eta Madrilen arrakasta handia izan eta gero, euskarazko bertsioa egokitu du orain Txalo taldeak, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. Datorren urtean hobeto lanerako sarrerek 10 euro balio dute eta ikasle eta gazte txartela dutenentzat 7euro. Antzezlana 20:30ean hasiko da.

•Etxeko txikientzat mitologia

Patata Tropikala taldeak Azken Eguzkilorea umeentzako antzerkia eskainiko du domekan, Herriko Antzokian, 16:30ean. Baserriko Kattalin, herrira jaitsi eta lagun guztiak desagertu direla ohartuko da. Haien bila basora joango da eta mitologian murgilduko da azken eguzkilorea topatzeko. Azken eguzkilorea ikusteko helduentzat 5 euro eta umeentzat 3,5 euro balio dute sarrerek. 

2016 03 10 azkeneguzkilorea