Elgoibarkoekin batera, Nafarroako hiru kanpartsak hartuko dute parte erraldoien topaketan

Barren.eus 2023ko mai. 5a, 13:44

Haritz Euskal Dantzari taldea 50. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dago, eta egitarauaren barruan, erraldoien topaketa egingo dute bihar.

Elgoibarko Erbuze erraldoien konpartsarekin batera, Tafallako Asier Marco, Iruñeko Buztintxuri Erraldoiak eta Barañaingo Ezpelur taldeek hartuko dute parte. Lau konpartsek kalejira egingo dute Elgoibarko kaleetan barrena. 11:00etan hasiko dute kalejira Kalegoen plazatik, eta bukaeran, Kalegoen plazan jarriko dituzte ikusgai erraldoi guztiak.

2023 05 04 erraldoien topaketa elgoibar asier marco konpartsa

 • Asier Marco (Tafalla)
Tafallako Asier Marco konpartsa 2014an sortu zuten ofizialki, baina aurretik hasiak ziren lanean. Tafallako Udal Konpartsako erraldoiek herriko haurrengan sortzen zuten grina ikusi ondoren, Marco familiak 2000. urtean erraldoi bat egin zuen eskuz. Lehen irudi hark errege atsegin bat irudikatzen zuen. Udal konpantsarekin batera atera zuten kalera errege hura, eta herritarren artean izan zuen harrera ona ikusita, konpartsa ofizialeko erreginaren erreplika egin zuen Marco familiak. 2014an benetako eta kalitatezko bi erraldoi aurkeztu zituzten, Florencio Alfaro eta haren emazte Francisca Perez. Bihar erraldoien bikote hori etorriko da Tafallatik Elgoibarrera, beste bi erraldoirekin, Aintzane eta Aingeru dantzariekin.

2023 05 04 erraldoien topaketa elgoibar Buztintxuri

 • Buztintxuri  (Iruñea)
Buztintxuri Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta 50 bazkide baino gehiago ditu. 2012. urteaz geroztik, erraldoi eta buruhandiekin kalejira egiten dute, bai Iruñeko Buztintxuri auzoan, eta baita Euskal Herriko herrietan ere. Azpeitia, Azkoitia, Beasain, Deba, Soraluze, Gasteiz, Zarautz edota Zumaian egon dira orain artean, eta bihar Elgoibarrera etorriko dira. Lau erraldoi ekarriko dituzte: Mikel, Ana, Antonio eta Feli.

2023 05 04 erraldoien topaketa elgoibar Ezpelur

 • Ezpelur  (Barañain)
Barañaingo gaiteroen konpartsa ere Elgoibarren izango da bihar. 50 urte baino gehiago ditu talde honek, eta herri askotan jarduten dira festetan gaita joten. Eibarko San Joan jaietan, esaterako, urte askoan jo izan dute. Azken hamar urteotan, gutxi gorabehera, erraldoien konpartsa ere badute. Umeek dantzatzeko moduko lau erraldoi txiki dituzte batetik, eta horiek, bereziki, Barañainen ateratzen dituzte, hango festetan. Elgoibarrera erraldoi handiak ekarriko dituzte: Joalduna, Zuberoako zalmantzaina, Iruñeko boboa eta ezpata-dantzaria.

 • Erbuze (Elgoibar)
Elgoibarko Erbuze konpartsa Haritz Euskal Dantzari Taldeak gidatzen du, eta haiek dira erraldoiak dantzan jartzearen arduradunak. Herritarren artean aski ezagunak dira dagoeneko Elgoibarko erraldoiak, eta bihar beste behin ikusteko aukera izango da: Errege-erreginen bikotea, eta Aszentzio Altzola eta Katalina Ibarra Altzolako dorretxeko jaun-andreak irtengo dira kalera, tratulariarekin.

Iaz egin zuten estreinako topaketan Bilbo, Txantrea eta Bergarako taldeek hartu zuten parte. Mauxitxa txarangaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldietako bat izan zen, eta jendetza batu zen Elgoibarren. Ikus ondorengo bideoan:

∞Lotura duten albisteak: