XVI. mendeko braleatik gaur egungo dantza solteetara egon den garapena azaldu zuen Oier Araolazak, joan den zapatu eguerdian, Aita Agirre kulturgunean egin zuten saioan. Azalpenak praktikarekin jantzi eta uztartu zituen baina, horixe baita saio honen ezaugarri nagusia. Entzuleak ez ziren hizlariaren aurrean eserita egon, aitzitik, segundo bakar batean ere ez ziren eseri ordu eta erdiko saioan. Araolazaren azalpenak gorputzak dantzan jarriz irudikatuko zituzten, Gari Otamendi eta Quico Pugès musikarien zuzeneko musikaren laguntzaz. Hala, dantzaren historia dantzan jarri zuten. Kezka eta Haritz taldeko dantzariek ere lagundu zuten saioa ontzen eta baita Andoni Urbieta txistulariak ere.
Dantza molde zaharretatik gaur egungo dantza formetara egindako bideari erreparatu zioten: korroan, borobilean hasi, eta dantzak nola joan diren aldatzen ikasi eta dantzatu zuten, soka-dantza, ingurutxo eta kontra-dantzetatik pasaz, bikote dantzetara iritsi eta azkenik norbanako bihurtu arte. Taldetik indibidualera, korrotik noraezera edo hitz lauz esanda "pikutara" joan omen dira aldatzen gure ohiko dantzak. Dantzaren historia honen ideia Juan Antonio Urbeltzi zor diote, soka-dantzaren historia azaltzerakoan aurkeztu baitzuen gure dantzen bilakaera zentrifugo hau.
Dantzariak eta dantzazaleak ziren emanaldian parte hartu zuten lagun gehienak eta pozik ziren amaieran, irakaspena jasotzeagatik eta jasotzeko moduagatik. Batek baino gehiagok zoriondu zuen Oier Araolaza. Haritz dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan antolatu zuten emanaldia, eta dantza taldeko kidea izana den Araolazak taldearen omenezko aurreskua ere dantzatu zuen, aurreskuaren jatorria eta esanahia hizpide izan zituenean, hain justu ere.