Ibai Iztueta: “Euskal Herrian bere burua euskalduntzat dutenek bere bizitza euskaraz egiteko eskubidearen eta konpromisoaren aldekoekin nago ni”

Barren.eus 2023ko api. 21a, 13:52

Batzuek euskal kultura euskarazkoa baino ez dela diote, beste batzuek, aldiz, espainolez edo frantsesez egindakoa ere badela defendatzen dute. Horixe izan zen Ibai Iztuetak (Zegama, 1977) Elgoibarren eman zuen hitzaldiaren muina (ikus hitzaldia bideoan).

Giza eta gizarte zientzietan doktorea eta 'Cultura vasca vs. Euskal kultura' liburuaren egilea da Iztueta. Gaur egun irakasle dabil IRALEn.

 • 'Euskal kultura vs. Cultura vasca'. Zein da bien arteko desberditasuna?
Euskal kultura euskaraz egiten den hori da, berdin dio nork, berdin dio zer. Aldiz, Cultura vasca eta Culture basque zera dira: Euskal Herrian hizkuntza espainolak nahiz frantsesak euskal hizkuntza ordezkatu ondoren geratzen den hori (gutxi gorabehera). Eta horien baitan bi tipo bereiz daitezke, Cultura vasca asimilatua eta Cultura vasca erresistentea. Bertsio asimilatua ordezkapena naturalizatu edo normaldu duen kultura da; bertsio erresistentea, berriz, euskara berreskuratzeko zubi lana egiten duena.

Txillardegirentzako, euskal kultura euskaraz baino ez da posible, euskara delako egiazki bereizten gaituen gauza bakarra"; eta Zallorentzako, berriz, hizkuntzak ez du horrenbeste garrantzirik, eta halaxe dio: "Euskal Herrian bizi den jendearen nortasunak askotarikoak dira, beraz, espainolez eta frantsesez egiten dena ere euskal kultura da". Norengandik zaude zu gertuago?
Euskal Herrian bere burua euskalduntzat dutenek bere bizitza euskaraz egiteko eskubidearen eta konpromisoaren aldekoekin nago ni. Hori esanik, hara hor bi iruzkin, maila ezberdinetan kokatu beharrekoak: Hala Txillardegirenaren tipoko arrazoibideak nola Zallorenaren tipokoak euskararen normalizazioak dauzkan behar diferenteei erantzuten diete, eta bi hizkuntza desberdinetan daude pentsatuta: lehenengoa euskaldunentzako pentsaturiko arrazoibidea da, eta euskal hiztunen asertibitate premia larriari erantzuten dio; bigarrena erdaraz dago pentsatua, erdaldun elebakarrak ditu batik bat gogoan eta erdaldun izanik “euskaldunen parteko” sentitu beharrari erantzuten dio. Kontua litzateke behar biak nola asetu, bestearena abandonatu gabe.
Eta, orain, bigarren iruzkina: galderak tranpa dauka dilema faltsua aurkeztearekin batera hierarkia faltsua irenstarazten diolako erantzun behar duenari. Galdera inpertinentea denez, erantzun inpertinenteak emanez bukatzen dugu. Kuestioa ez da hizkuntzak kultura defi nitzeko orduan zein paper duen, baizik eta kulturaren ideiak hizkuntzaren normalizazioan zein paper betetzen duen.
Beste era batera esanda, nire ustez euskaldunontzako galdera pertinente eta aipaturiko hierarkia eta dilemen faltsutasuna agerian uzten dituena beste hau da: “Euskaraz normal egin ahal izateko, zein funtzio betearaziko diogu euskal kulturaren ideiari?”.

2023 04 22 ibai hiztueta hitzaldia elgoibar BARREN

 • Galdera horren erantzuna, testuinguruaren arabera aldatu egiten dela diozu. Zein testuingurutan planteatu zenuen zuk?
Kulturari buruzko galderak talde-identitateari eta herritartasunari buruzko galderak dira noski, eta zehazki galdera modu hau tipikoa da hizkuntza ordezkapenak eta nazio subordinazioak trauskildutako gurea bezalako herrietan. Horrelako testuinguruetan sortzen dira, eta emango zaien erantzunak hizkuntza ordezkapenean eta nazio subordinazioan sakontzearen alde ala kontra egiteko balioko du. Bestalde, bistakoa behar luke, galdera euskaraz egiteak ala erdaraz egiteak testuinguru desberdinak adieraziko dizkigula. Are gehiago, praktikan, galdera desberdinak izango dira, ondoez desberdinek motibaturikoak direlako eta, ondorioz, erantzun desberdinak beharko dituztelako. Argiago ere esan dezaket: Zeraingo elebidun euskaltzale baten eta Tafallako elebakar euskaltzale baten helburu orokorra berbera izango da, euskaldunaren (edo euskararen, gauza bera dira) normalizazioa, baina abiapuntuko kezka, ezina, ondoeza, desberdinak.

 • Nola definituko zenituzke, esaterako, hizkuntzarik erabiltzen ez duten arte grafikoa edo plastikoa?
Berez, hizkuntzarik erabiltzen ez duten arteak “herri” etiketen bidez definitzeko premiarik ez dago, eta errazena unibertsaltzat jo eta estiloaren bidez definitzea genuke ziur asko, edo “nongoa” den adieraziz, Kafka idazle txekiarra dela esaten denean bezala. Baina “herri” etiketaren bidez etiketatzeko interesa handia izanez gero, bada, orduan arte horren bokazioari errepara lekioke edo, are errazago, arte espresio horiek izan ohi duten testuinguru idatziari (artelanen izenburuak, katalagoak, aurkezpen ekitaldiak eta abar…).
Baina pentsatzen dut Oteiza eta gisakoak izango zenituela gogoan galdera egiterakoan. Bada, horrelakoetan, autoreari berari galdetu behar bere lanaren bokazioaz, edo norberari autore horren obrak euskal kulturaren alde apustu egiteko bultzadarik eman dion baloratu behar. Oteiza batek “euskal kultura vs cultura vasca” terminotan galdetu izan baliote, zer esango zukeen, auskalo. Eta imajinatzen dut zenbaitentzat Oteizaren obra euskarara hurbiltzeko zubi izango zela eta, beste askorentzat, berriz, ez.

 

2023 04 22 Ibai Iztueta elk BARREN