Korrotik Pikutara hitzaldi-dantzatua egingo dute Elgoibarren apirilaren 22an

Barren.eus 2023ko api. 17a, 14:18

Haritz dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan, 'Korrotik pikutara. Euskal dantzaren historia bat' izeneko dantza-emanaldi didaktikoa egingo dute, zapatuan, Elgoibarren.

Emanaldi honetan, Euskal dantzaren historia bat kontatu eta gorpuzten dute Oier Araolazak eta Gari Otamendik, Quico Pugès musikariak lagunduta, eta Kezka dantza taldearen eskutik.

Dantza molde zaharretatik gaur egungo dantza formetara egindako bideari erreparatuko diote: korroan, borobilean hasi, eta dantzak nola joan diren aldatzen erakutsiko dute, soka-dantza, ingurutxo eta kontra-dantzetatik pasaz, bikote dantzetara iritsi eta azkenik norbanako bihurtu arte. Taldetik indibidualera, "korrotik pikutara" joan omen dira aldatzen gure ohiko dantzak. Ibilbide hori berbez eta dantzaz aurkeztuko dute, historia kontatu eta dantzatu bat beraz.

  • Aita Agirre Kulturgunean dagoen Kultur Kafean izango da Korrotik pikutara hitzaldi-dantzatua, 12:30ean hasita.

 

 Oier Araolaza dantzaria da, Eibarko Kezka eta Donostiako Argia dantzari taldeetan aritzen da gaur egun, eta 15 urtez Haritz Euskal Dantzari Taldean aritu zen (1993-2007). Dantzan elkarteko zuzendaria da. Gizarte Komunikazioan doktorea, Antropologia eta Informazio Zientziak ikasketak egin ditu. Dantza eta generoa ikertu ditu besteak beste, eta hainbat artikulu eta lan argitaratu ditu dantzaren inguruan.
 Gari Otamendi dantzaria eta musikaria da. Añorgako Arkaitz eta Donostiako Argia dantzari taldeetako dantzaria da, dantzan.eus-ko kidea da, Gipuzkoako Dantzagunean egiten du lan, eta hainbat musika, bertso eta dantza talderekin jotzen du arrabita.
 Quico Pugès musikaria da. Hainbat taldetan aritu da profesionalki txelo-jotzaile moduan, Quartet Brossa laukotean adibide. Tangram diska eta proiektuaren egilea da eta Kataluniako Goi Mailako Eskolan inprobisazio irakaslea da.

2023 04 17 Korrotik pikutara emanaldia elgoibar

∞Lotura duten albisteak: