Islabat eta Ripoll taldeek kontzertua emango dute zapatuan, sotoan

Barren.eus 2023ko mar. 30a, 12:42

Islabat talde elgoibartarrak (K)ito izeneko estreinako diskoa kaleratu zuen 2022ko martxoan, eta argitaratze horren urteurrena ospatzeko kontzertua antolatu dute zapaturako, apirilaren 1erako.

Kontzertu berezia izango dela aurreratu dute, eta ez dira bakarrik egongo emanaldi horretan. Madrilgo Ripoll taldea ere gonbidatu dute saiora, eta horrez gain, beraien hainbat lagun musikari ere igoko dira oholtzara. 19:30ean izango da kontzertua Kultur Etxeko sotoan eta sarrerak 5 euro balio ditu.

Islabat hitz jokoaren atzean dauden lagunak dira Asier Olabarrieta, Jesus Jimenez, Aitzol Mujika eta Andoni Alonso musikariak. Izen hori jarri zioten 2021ean Elgoibarren sortu zuten musika taldeari. 2022ko martxoan, (K)ito izeneko lehenengo diska plazaratu zuten, "mimo handiz ehundutako diska kontzeptuala", beraien berbetan. Barrenera egindako bidaia horretan ispiluan aurrez-aurre jarri eta isla bakarrean norberaren beldurrak, hauskortasuna eta ezinegonak biluztu zituzten. "Lokatzetan ondutako uzta izanik, Islabat soinu ilunen gourmetentzako dastatze menu bikaina da, rocketik eta iluntasunetik edaten duen proposamen sailkaezina, intentsitatearekin jolasean eta ñabarduraz betea". Diska haren urteurrena ospatzeko antolatu dute orain kontzertua, Madrilgo Ripoll taldearekin batera. Elgoibarko hainbat lagun musikari ere igoko dira oholtzara beraiekin batera, hala-nola, Nerea Gil, Leonor Jimenez… Sotoan musikarekin gozatzeko aukera paregabea izango dela aurreratu dute.

Ripoll taldearen atzean David Ripoll musikaria dago, madrilgo "musikeroen" artean Koldo ezizenez ezagunagoa den arren. Hazte Lapón eta Viaje a Sidney taldeetan parte hartu ondoren, Ripoll bere proiektu pertsonala da, bere bi arima musikalak uztartzen dituena, undergrounda alde batetik, kantautore sentimentalarena bestetik. Bere lehen EPa kaleratu berri dute, Marinero Sentimiento, (Lunar Discos, 2023) lau abestiz osatutakoa, pop atenporal eta zuzenaren iturritik edaten duena, bere aurreko proiektuetan bezala. EPa kaleratu zen astean Radio 3 irratiko Hoy Empieza Todo saioan Promoción XXIII talde berrien atalerako aukeratuak izan ziren. Zuzenekoetan David Ripoll (Gitarra eta Ahotsak), Fran Jimenez (Bateria), Juanpe Galvez (Baxua) eta Nolo (Gitarra) aritzen dira.

2023 03 30 Ripoll Islabat Kartela