Unai Villenaren 'Hauts haietatik' nobelaren booktrailerra sarean jarri dute

Barren.eus 2016ko mar. 3a, 10:49

Igartza literatura sorkuntzako beka irabazteari esker kaleratu du Unai Villena Camarero elgoibartarrak bere lehen nobela: Hauts haietatik. Liburuaren booktrailerra sarean ikus daiteke dagoeneko. Liburua, baina, martxoaren 17an aurkeztuko dute. (bideoa dauka)

Liburuak iragartzeko ez ezik, irakurzaleak eta zale ez direnak liburuak irakurtzera motibatzeko balio du booktrailerrak. Liburu bat iragartzeko sortutako bideo muntaia da, filmeen trailerrak egiteko erabiltzen diren narrazio teknika berdintsuak erabiliz egin ohi dena. Elkar argitaletxeak Unai Villenak idatzi duen Hauts haietatik nobelaren booktrailerra da ondorengoa:

 Elkarrek era berean, Hauts haietatik eleberriaren lehen kapitulua deskargatzeko aukera eskainiko du datorren astean, martxoaren 10etik aurrera, www.elkar.eus webgunean. Liburuaren aurkezpena, baina, martxoaren 17an egingo dute Donostian. 

2016 03 03 Hauts haietatik azala unai villena•80ko hamarkada hasieran jaiotako belaunaldiaren kronika

Unai Villenak Igartza literatur saria eskuratu zuen 2014an Hauts haietatik izeneko eleberri proiektuarekin. Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa zekarren berarekin. Idatzi duen nobelak adiskidetasun-istorio bat kontatzen du, lagun batek beste bati egindako maitasun-keinua; baita gaixo mentalen estigma sozialaren eta psikiatrikoen salaketa ere; eta, horrez gain, 80ko hamarkada hasieran jaiotako belaunaldiaren kronika: promesaz betetako haurtzaro oparoaren eta gaztaro hedonista baten ostean, maiz, etorkizun argirik gabeko helduaroa topatu duena. 

  • Hona hemen sinopsia: Bere lagun Anderren bizitza kontatu nahi digu Oierrek: gazte ausart eta bizialea, lana, ikasketak, sexua, parrandak… dena ondo doakiona, harik eta zurrunbilo batean sartu eta geldialdirik gabeko gainbeheran jausi arte: drogen kontrola galtzea, agerpen psikotikoak, ospitaleratzea, desintoxikazio-zentroa, psikiatrikoa…