Maite Lopez Las Heras: “Poesia bizitza ulertzeko eta adierazteko modu bat da, berezkoa bezain ezinbestekoa”

Barren.eus 2023ko mar. 24a, 16:18

Poesiaren Nazioarteko Egunaren harira eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako 'Edertasuna zabaldu' kanpainaren barruan, 'Poesia zeu zara' saioa ondu zuten Pitxintxukoek martitzenean, lau artista eta kulturzaleren laguntzarekin. Maite Lopez Las Heras idazle eta itzultzaileak eta Alex Roldan Bota Literak! gazteentzako idazketa klubeko ikasleak zenbait poema errezitatu zituzten, musikariak lagun hartuta.

Maddi Arrieta aritu zen biolinarekin eta Asier Artzamendi, pianoan, eta berezia izan zen han sortu zen giroa, bai eta hunkigarria ere, bereziki Lopez Las Herasek Pitxintxuri eskainitako poema errezitatu zuenean (ikus hemen poesia errezitatu zuen unea). 45 urte bete ditu Pitxintxuk eta aurki erretiroa hartzekoak dira ugazabak, Izaskun eta Mari Jose Estibaritz ahizpak. Martitzenekoa aitzakia hartuta, Maite Lopez Las Heras (Azkoitia, 1985) ekarri dugu gaur gurera. Filologia klasikoa ikasi zuen, latineko eta literaturako eskolak ematen ditu Elgoibar Ikastolan eta bost liburu ditu argitaratuak: 'Pienso, luego escribo' eta 'Poetandreak literatura grekolatindarrean. Antologia poetikoa' poesia liburuak, 'Amatu' saiakera eta 'Safo, poesia guztia' eta 'Ibilbidea' itzulpen liburuak.

2023 03 21 poesiarewn eguna poesia zeuzara panoramikoa pitxintxu elgoibar BARREN

 • “Edertasuna zabaldu” dio Poesiaren Nazioarteko Egunaren harira Gipuzkoako Foru Aldundiak zabaldutako mezuak. Zokoratu xamar dagoen literatur generoa da poesia. Zeri zor zaio poesiaren ikusezintasun hori?
Azken boladan, poesia suspertzen ari dela hauteman dut. Hala ere, bistan denez, ez da gehien irakurtzen den generoa. Liburutegi nahiz liburu-denda gehienetan eskaintzen zaion apalategia txikia izan ohi da eta, askotan, benetan zokoratua. Orokorrean, nire ustez, jendeak errespetua dioen generoa da, hau da, askok bere burua poesia ulertzeko ezgaitzat hartzen du. Niri dagokidanez, aldiz, betidanik gustatu izan zaidan literatura generoa da, beraz, ezin dezaket ziurtasunez jakin zergatik izan daitekeen. Poesiak, gainontzeko generoekin alderatuz gero, irakurtzeko beste modu bat eskatzen du, gogoaren aldarte berezi bat, eleberriak kasu, eskatzen ez duena. Poesia irakurtzeak patxada eskatzen du, sintesitik osotasunera iristeko ibilbidea egitea, erritmoari arreta eskaintzea, sakontasunera heltzea, eta, sarritan, oinarriaren ezaguera izatea. Akaso badu zerikusirik irakasten denaren eta irakurtzen denaren arteko harremanak.
Horrez gain, etekin ekonomikoan oinarritzen den gizarteak ez dio mesederik egiten literaturari orokorrean, eta poesiari zehazki. Diru iturri emankorra ez den oro baztertzen da eta, ondorioz, bestelako aisialdi mota eta jarduera batzuk sustatzen dira, kulturaren kalterako askotan.
Sarritan gertatu ohi da irakurzaleek poesia errotik baztertzea. Horietako batzuk, ordea, zorionez, berandu izan arren, iristen dira, eta heltzen direnean, lehenago egin ez izanaz damutzen dira. Ni, berriz, irakurleak poesiara iristeaz poztuko nintzateke, berandu izanagatik.

 • “Poesia zu zara” esan zuen Becquerrek eta gelditu ginen asko horrekin. “Pienso, luego escribo” zure estreinako liburuan baduzu poema bat poesiari eskainitakoa, argigarriagoa egin zaiguna: “De fina poesía”. Zer da poesia? Zenbateraino ulertu behar da?
Aipatzen duzun Becquerren poema horretako azken bertso-lerroak inoiz ez nau guztiz asetu. Aseezintasun horrek, beraz, eta poesia zer den arakatzeko nahiak, askotan, gai horren inguruan hausnartzera eraman nau. Oraingoz erabat gogobeteko definiziorik ez dudala aurkitu esan dezaket, beti zerbaitek irrist egiten duelako ertzen batetik ez bada, bestetik. Dena den, nire lehen poema-liburuan irakur daitekeenez, poesiari buruzko poema bat ondu nuen, aipaturiko Becquerren poema horretan oinarrituta edo hari tiraka edo, hobeto esanda, hura kolokan jartzeko asmoz. “De fina poesía” poeman, hortaz, “defina” eta “de fina” hitz-jokoaz baliatuz, poesiaren balizko definizio bat eman nahi izan nuen, eta irakurleek esan izan didatenez, poemarik gustukoenen artean kokatzen dute.
Ulergarritasunaren gaia, bestalde, asko interesatzen zaidan kontu bat da. Sarritan poesia baztertzearen arrazoi nagusia ulertezintasuna edo are ulertezintasunaren ustea izan ohi da. Zaila eta ulergaitz ospea du. Niri dagokidanez, ez nator bat nahitaez guztia ulertzeko beharrarekin, hau da, beste era batera esanda, ez dut ulertzen zergatik irakurtzen dugun guztia xehatuta eman behar zaion irakurleari. Poesia haratago doan zerbait da, edo honatago akaso, beste dimentsio bat hartzen duen generoa alegia; poema bat osotasunean ulertu ez arren, gozagarria izan daiteke, erritmoagatik, hitzengatik, hizkuntzarekin jolas egiteko moduagatik edo bakoitzari ekar dakizkiokeen oroipen edo eragin diezazkiokeen emozioengatik.
Poesiaren inguruko aurreiritzi asko daude, eta, askotan, aurreiritziekin gertatu ohi denez, okerrekoak. Gehienetan, eskolan irakasten den poesia dugu oinarri bakartzat, eta horrek eragin zuzena du poesiarekiko bakoitzak duen ikusmoldearekin, nola eta zer irakatsi ziguten hura dugulako erreferentzia bakartzat. Maiz, kanon zaharkitu, baztertzaile eta, testuinguruaren kokapenik gabea dugu poesiaren erreferentzia gisa.
Poesiaren barruan azpigenero ugari daude, eta gai desberdin asko lantzen dira, gizakioi zuzenean eragiten diguten gaiak alegia. Hortaz, poesiak, bizitzako beste hainbat esparruk bezala, irizpideak behar ditu aukeratzerako orduan. Norberaren uneko beharrak edo nahiak poesiaren hautaketa eta gozamena baldintza dezakete. Hori dela eta, garrantzitsua deritzot irakaskuntzan, hedabideetan, liburutegi eta liburu-dendatan poesiaren ezaguera areagotzea eta zabaltzea. Edertasuna egunero zabaldu behar delako.

 • Poeta zara, edo poeta ere bai. Asier Serranok esana da poeta izateko lehenengo asko bizi behar dela; poetak begiratzen jakin behar duela, baina gizarte hau azkarregi doala eta sarri bizitzari erreparatzeko astirik ere ez dugula hartzen. Bizitzari buruz idatzi zenuen zuk ‘Pienso, luego escribo’ poesia liburuan. Non bilatzen duzu zuk inspirazioa?
Poesia irakurtzeak, idazteak eta itzultzeak poeta egiten banau, bai, poeta naizela esan dezaket. Ez nator bat Asier Serranorekin. Hark esandakoaren arabera, poeta guztiak adinduak izan beharko lukete. Gainera, nola neurtzen da asko bizitzea zenbat den? Zeinek erabakitzen du neurria? Asko dira literaturaren historian zehar gazte hil diren poetak. Batzuk aipatzearren: Silvia Plath, Alejandra Pizarnik, Federico García Lorca, Miguel Hernández, John Keats, Virginia Woolf. Poesia idazteko ez dut uste asko edo gutxi bizi behar denik, bizitako horrek norberarengan piztu duen gar hori adierazteko barneko bulkada sentitzea baizik. Hain justu ere, bizitzari erreparatzeko astirik ez dugun bizimodu azeleratu honetan, bizitzaren aurrean paratu eta ganoraz pentsatzea eragozten digun gurpil geldiezin honetan alegia, inoiz baino gehiago behar dugu poesia, horrek geldialdia eskatzen duelako nahitaez, pentsatzeko denbora, sentitzekoa, hausnartzekoa, arretaz entzun eta begiratzekoa.
Egungo gizartean, oro har, azalekoa gailentzen da, itxura, hau da, ikusten dena erakusteko beharra. Jakintza eta denbora, ikusten eta, ondorioz, erakutsi ezin direnez, alboratu egiten dira.
Nik neuk inspirazioa ez dut bilatzen. Egoera nahiz bizipen batek barnean eragin didan zerbaitek poema bat sortzeko bulkada ematen dit. Inguruak eta inguruko jendeak baldintzatzen du inspirazioa, baita giroak, eguraldiak edo urtaroak ere. Argiak eta haren gabeziak. Gizartean gertatzen diren gatazkak ere inspirazioaren lagun izan daitezke. Inspirazio iturri aberatsa da, nire aburuz, antzinako liburuek eskaintzen dutena.
Poesia niretzat bizitza ulertzeko eta adierazteko modu bat da, berezkoa bezain ezinbestekoa. Bizitzari zentzua ematen laguntzen diona, zentzurik baldin badu bederen, batzuetan galderen bitartez, eta besteetan erantzunen bidez; ziurtzat jotzen dugun hura zalantzan jartzeko balio dezake eta, aldiz, zalantza egiten dugun hura ziurtatu. Poesiak baretzen laguntzen du, baina baita askatzen ere, oihu egiten, abesten edo pairamena jasangarriagoa egiten.

2023 03 23 maite lopez lasheras poeta elgoibar BARREN

• Poesia, zokoratuta eta emakume poetak, ezkutuan. Urte askoan behintzat bai. Hiru liburu eskaini dizkiezu zuk: “Poetandreak literatura greko-latindarrean. Antologia poetikoa” poesia liburuan, Aintzinaro Klasikoko 24 emakumeren testuak itzuli zenituen. Gero, Saforen poesia euskaratu zenuen, “Safo, poesia guztia” liburuan, eta orain, azkena, Egeriaren ibilerak euskaratu dituzu ‘Ibilbidea’ itzulpen lanean. Bistakoa da emakume haienganako konpromiso bat zugan. Zerk eraman zaitu emakume haienganako konpromiso hori izatera? Zerk egiten ditu ezinbesteko obra hauek?
Argitaratu ditudan hurrenkera kronologikoari jarraiki, lehenbizi, “Safo, poesia guztia” kaleratu nuen, 2020an, Balea Zuria argitaletxearekin; ondoren, “Poetandreak literatura greko-latindarrean. Antologia poetikoa”, 2022an, Balea Zuriarekin; eta, azkenik, Egeriaren “Ibilbidea”, 2022an, Testu Zaharrak argitaletxeari esker.
Konpromisoa, zorionez eta zoritxarrez, pertsonala izan da, hau da, nire irizpide eta ekimen pertsonaletik sortutako lanak izan dira hirurak. Argitaratuko zirenik jakin gabe, itsu-itsuan, aurrera egin nuen ikerketa, itzulpen eta idazlan guztiarekin. Horregatik, oso esker oneko nago aipaturiko bi argitaletxe txiki horiek, bai Balea Zuria bai Testu Zaharrak, nire lana argitaratzeko egindako ahaleginagatik eta euskal literatura zabaltzeko emandako aukeragatik. Zoritxarrez diot, klasikoak itzultzeko, beste hizkuntzetatik euskaratzeko ez bezala, dirulaguntzarik ez dagoelako, eta, oraingoz behintzat, soilik lan pertsonalari esker egin behar delako. Ziurgabetasun horrek eta norbere bizia emateak itzultzaileari sakrifizio handia suposatzen dio. Niri dagokidanez, bokazioz eta atsegin handiz egiten dudan lana da, baina ez dut uste horrela izan beharko lukeenik. Ez dago, nik dakidanez bederen, horrelako itzulpenak babesten dituen euskal erakunderik. Gabezia azpimarragarria bezain adierazgarria iruditzen zait.
Konpromisoa, nire aldetik, hirukoitza izan da. Euskarari, emakume idazleei eta mundu klasikoari egin nahi izan diet ekarpena, eta hirurak lokarri berarekin lotu nahi izan ditut, hirurak bateratu, uztartu eta aberastu, bakoitza bere neurrian. Hein batean, alor bakoitzean egon daitezkeen hutsuneak estaltzen saiatu naiz.

 • “Oraindik ere, emakumezko idazleak baztertuta daude kanonetik; kritikak, sariak, historiografiak gizonezkoak nabarmentzen ditu”, irakurri nion Eider Rodriguez idazleari. Beste hau ere bai: “Gaur egun emakumezkoen testuetan gehien saritzen dena transgresioa da eta transgresio hori gorputzari, sexuari eta gizarteak ezarritako emakume-rolak hausteari loturik dago; gizonezko idazleen kasuan ez da horrelakorik gertatzen”. Zer duzu esateko?
Nire ibilbidea beste norabide batetik joan dela esango nuke. Emakume eta gizonen rolen arteko desberdintasunetan sakondu beharrean, eta horiek aztertu eta argitzen jardun beharrean, literaturaren historian estaltzen edo, besterik gabe, aipatzen ez diren emakumezkoak estalgabetzeko lanetan aritu naiz, mundu klasikoaren alorrean zehazki. Ezezagunak zaizkigun izenei eta haien lanei argia eman nahi izan diet, eta, gainera, guztiak lehenbizikoz euskaraz, ez baitira aurretik inoiz euskaratuak izan. “Poetandreak” liburuan esaterako, antzinaro klasikoko hamaika mendeetan zehar heldu zaizkigun emakumezkoen poemak euskarara ekartzeaz gain, haien inguruko biografia eta testuingurua azaltzeaz gain, izenak soilik iritsi zaizkigun emakumezko poeten izenak ere aipatu eta, ahal izan den neurrian, azaldu ditut, hain justu ere ez aipatzeak betirako desagertzen lagunduko lukeelako, eta guztiz kontrakoa egitea izan da nire ahalegina eta helburua. Beraz, agian kanona da eguneratu behar duguna, beste hainbat gauzen artean.


 • Pentsa daiteke itzulitako lanaren jatorrizko lekuak eta beste ezagutzeko gogoa izan behar duela itzultzaileak, besterik ezean idazle haiek non inspiratu ziren jakiteko. Zeren gogoz gelditu zara zu?
Irakurtzea nahiz itzultzea bidaiatzeko moduak dira, leku, garai eta pertsona desberdinak ezagutzera eramaten gaituena. Alderdi horretatik, arrazoi desberdinak medio, heldu ez zaizkigun poemak eta testuak irakurtzeko gogoz geratu naiz, eta gustura asko jakingo nuke zergatik iritsi zaizkigun egoera horretan emakumeek idatzitako testuak, zatituta eta aipamen hutsen bitartez alegia. Safori dagokionez, adibidez, oraindik Egiptoko hondarretatik testu zatiak ateratzen ari dira, baita bildumazale pribatuen etxeetatik ere, beraz, apurka-apurka, zati horiek osatzeak zorioneko egiten gaitu.


 • Aintzinate klasikoko poeten lanak dira itzuli dituzunak, grezieraz eta latinez ondutakoak. “Itzuliz usu” itzulpenaren defentsa liburuan itzultzailearen egiteko konplikatuaz ari da Andu Lertxundi. Aintzinaro Klasikoko poesiaz eta bereziki orduko emakume poeten lanez ari garela, are ematen du konplikatuagoa. Zenbat denbora eman duzu edo nola egin duzu euskarara ekarri dituzun poema horien ertzak ezagutzeko eta poetandre haiengana gerturatzeko?
Urte askotako lana izan da. Ikerketa lan handia egin behar izan dut, ez baita erraza poetandre horiengana heltzea. Hizkuntza desberdinetako testuak irakurri behar izan ditut, alderatu, hautatu eta itzuli. Itzultzerako orduan, halaber, aipagarria da ez dagoela grekoa-euskara hiztegirik adibidez, beraz, horrek lana areagotzen du, atzeratzen, trakesten, zailtzen eta moteltzen. Poemetako hutsuneak interpretatzea ere ez da lan erraza izan, guregana heldu diren papiroen, pergaminoen nahiz, testu epigrafikoen kasuan, harrien egoera eskasa dela eta. Beraz, euskarri, hizkuntza eta hiztegi asko erabili behar izan ditut. Lan bibliografiko itzela eskatzen du horrelako itzulpen lan batek. Inbertsio handia alderdi askotatik. Horri poesia itzultzearen berezitasuna gehitu behar zaio, poema bakoitza garai, dialekto, prosodia eta neurtitz desberdinetan idatzita egoteaz gain. Itzulitako testuak garai arkaikotik erromatar inperioraren azken urte bitartekoak dira.

 • Klasikora jo zalea zara. Gaur egungoak ez zaitu asetzen ala guk uste baino modernoagoak ziren lehengo idazle haiek?
Betidanik erakarri izan nau mundu klasikoak, Greziak eta Erromak, baina baita antzinako Egiptok edo maien zibilizazioak ere, besteak beste. Gaur egungoa lehengoaren emaitza eta isla dela egiaztatzeko balio du antzinaroak. Ez da komeni hari entzungor egitea nahiz, ezjakitasun betean, hura arbuiatzea, hark ematen duenak aldez edo moldez aberastu egin baigaitzake.

 • Safo eta Egeria, bi idazle, bi poeta. Bai “Safo” liburuan, bai eta “Ibilbidea”-n ere, aurkezpen orri batzuk gehitu dituzu, hitzaurre halako bana. Zer izan ziren? Zer da haietaz iritsi zaiguna edo haietaz dakiguna, eta zergatik dakigu dakigun hori? Zer da haiek horren gaur egungo egiten dituena?
Egeria ez zen poeta, bidaiaria baizik, eta haren eskutitz batzuk dira guregana heldu direnak, aberrian geratutako bere lagunei bidalitako gutun batzuk hain zuzen ere. Emakume biak ala biak aitzindariak izan ziren. Safo emakumezko poesiaren abiarazle gisa eta Egeria gerora hainbat idazlek imitatuko zuten bidaia-literaturaren aurrendaria.
Hiru itzulpen lanetan, hitzaurrea eta garai zein idazle bakoitzaren testuinguruari buruzko azalpena idaztea erabaki nuen hasieratik, garrantzizkoa iruditzen zaidalako gaur egungo irakurlea testuinguruan kokatzea, ulertzeko bideak zabaltzea eta albait gehien gozatzeko eta zukutzeko aukera ematea. Ezinbestekoa deritzot, bestalde, anakronismoetatik ihes egitea eta garaian garaiko poemak orduko ikusmoldearekin irakurtzea, eta ez egungora mugatzea. Horretarako biderik zuzenena ezagutza da, eta, beraz, azalpen horiek xede horrekin egindakoak izan dira.
Emakume haietaz dakiguna halabeharrari zor diogu batzuetan, eta gizakiaren (gizonezkoen esango nuke) hautabide baztertzaileari beste askotan. Emakume haiek gaur egungo egiten ditu, hain justu ere, gu haien bezalakoak garelako, guk uste baino gehiago.

 • “Zergatik ez da idazle emakumeen lana gehiago itzultzen eta euskarara ekartzen?” pentsa dezake batek, eta “zenbateraino azpimarratu behar da emakume baten lana itzuli dela?” pentsatuko du beste batek, edo, pertsona agian berak. Nondik zaude gertuago?
Bietatik gertu nago. Lehenengotik, emakume idazle gehiago euskaratzeko beharra dagoela uste dudalako, klasikoei dagokienez behinik behin; eta bigarrengotik, ideala litzatekeelako emakume eta gizonen arteko bereizketarik gabeko irakurketa egiteko ahalmena duen gizartean bizitzea.

 • Poesiaz eta itzulpenaz ari gara, baina “Amatu” saiakera ere eman zenuen argitara iaz. Hor ere badago, zeozelan esatearren, bigarren mailakoak -bigarren mailakotzat hartu den gai bat- bistaratzeko ahalegin bat. Amatasunari eta amatasunei buruz hitz egiteko behar halako bat suma daiteke azken boladan literaturan. Nor izan zenuen zuk buruan hori idazterakoan? Zein irakurle potentzialentzat ari zinen?
“Amatu” amatasunaren inguruko nire kezken eta jakin-minaren ondorioz sortu zen. Hasiera batean, niretzako ohar gisa ernaldu zen. Aurrera egin ahala, ordea, liburu forma eman nion neuk bizi, ikusi, entzun eta partekatutako bizipenekin. Amatasuna definitzeko beharretik askatzeko aldarria da, amatasunaren pluraltasuna, hautabidea bera eta amatzeak ustez dakarrenaren inguruko saiakera da. Emakumea noiz amatzen den, amatzea bera zer den eta zergatik amatzen garen, besteak beste, dira bertan landutako gaiak. Gizarteak amak nola ikusten eta tratatzen dituen kritikatzen dut, bestalde.

 • Hiru liburu eman dituzu argitara urtebetean. Nola egiten da hori? Zer beste duzu orain eskuartean?
Hiru liburu kaleratu ditut 2022an. Horren atzean lana besterik ez dago. Hirurak ez dira inola ere batera idatzitakoak izan, ezta urte berean ere. Halabeharrak hirurak urte berean argitaratzea erabaki du, eta oso urte oparoa izan da niretzat. Lan handikoa izan da, dudarik gabe, aurretik eta ondoren. Egindako lanaren emaitza ederki gozatu eta dastatzen ari naiz. Oso esker oneko nago hori ahalbidetu duten argitaletxe eta irakurleei. Oso pozik nago, gainera, euskal irakurleek nire lanei egindako harrera onagatik.
Beti izaten dut zerbait esku artean, eta gehiago buruan. Orain, ikerketa lan handia eskatzen didan proiektu batekin nabil buru-belarri.

 • Irakaslea zara. Gaur egungo gazteez esaten da ez dutela lar irakurtzen. Nola eman buelta horri? Zer estrategia baliatzen dituzu zuk? Zeren beharra sumatzen duzu?
Idazten edo itzultzen ez dudanean, latineko eta literaturako eskolak ematen ditut, besteak beste. Ez da galdera erraza erantzuteko. Iritzi artikulu bat edo beste ere idatzi izan dut gai horren inguruan, Elinberri aldizkari digitalean irakur daitezkeenak edo Azkoitiko Maxixatzen toki komunikabidean. Orokorrean eta motzean, jakin-nahi gabezia oso hedatua dagoela uste dut. Irudimenari ere tarte gutxi eskaintzen zaiola iruditzen zait. Estrategiak ikasleek beraiek bideratzen dituzte, zaila baita guztiekin modu berean jokatzea eta guztiengandik emaitza bera lortzea. Horretarako, eredu izatea baino estrategia hobeagorik ez dagoela irizten diot. Liburuak gertu ikustea, ukitzea, irakurtzea, liburutegiak eskura izatea. Helduok irakurtzen ikustea estrategia ona izan daiteke.

 • Zer nolako irakurlea zara? Zer irakurtzen duzu? Poesiaren Nazioarteko Egunaren harira zer irakurtzea proposatuko zeniguke?
Asmo handiko irakurlea naizela esango nuke. Irakurtzeko denbora irakurri nahiko nukeena baino askoz urriago delako. Halere, liburu bat baino gehiago irakurtzen dut aldi berean. Zer irakurri aldatuz joaten da, uneko lanak baldintzatuta askotan. Dena den, interesa pizten didan edozer irakurtzen dut. Egungo literatura nahiz klasikoa. Genero aldetik ere saiakera, poesia, eleberria… Gaiei dagokienez, berriz, historia eta filosofia bezalako gaiak itxuraz arinagokoekin uztartzen ditut.
Poesiaren Nazioarteko Egunean ez ezik, beste edozeinetan ere poesia irakurtzea proposatuko nuke, ez lioke eta gizarteari batere kalterik egingo, kontrakoa baizik, mesede egingo liguke poesia irakurtzeko atseden pixka bat hartzeak, eta gizabanako sentikorragoak eta ulerberagoak izaten lagunduko liguke. Eta, besterik ezean, irakurtzea proposatuko nuke. Erritmo biziko bizimodu honetan, pentsatzea galarazten digun azelerazio honetan hain zuzen, irakurtzeko tartea hartzea gomendatuko nuke, hausnartzeko, pentsatzeko, gozatzeko, izateko, egoteko eta ikasteko; egoten ikasteko.