'Emakumea izatea Indian' Laura Daquintaren argazki erakusketa inauguratuko dute barixakuan

Barren.eus 2016ko mar. 3a, 07:46

Emakumea izatea Indian izeneko argazki erakusketaren inaugurazioarekin hasiko dira barixakuan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzak Elgoibarren. Laura Daquinta elgoibartarrak Indian egin dituen ia lau urtetan ateratako 70 argazki inguru jarriko ditu ikusgai Kultur Etxean.

Barixakuan (martxoak 4) inauguratuko dute Emakumea izatea Indian izeneko argazki-erakusketa, Kultur Etxeko erakusketa gelan, 19:00etan. Udalaren Berdintasun Sailak eta Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak antolatu dute erakusketa, martxoaren 8aren harira antolatutako ekintzen barruan. Loreak emakume migratzaileen Elgoibarko elkarteko kideek prestatutako goxoak eta tea dastatu ostean, erakusketaren nondik norakoak azalduko dizkie erakusketaren egile Laura Daquintak Kultur Etxeko erakusketa gelara hurbiltzen direnei.
•Indiako emakumeen bizimodu "gogorra"
Argazkien bidez Indiako emakume “normal” baten bizimodua, jaiotzatik heriotzaraino, irudikatu nahi izan duela dio. “Indiarren bizimodua amaren sabelean daudenetik dago baldintzatuta. Gurasoek nahiago dituzte mutikoak neskak baino, baina galarazia dute umearen sexua zein den jakitea. Isun gogorrak dituzte gainera legea betetzen ez duten medikuentzat eta gurasoentzat”. Daquintak azaldutakoaren arabera, jaio ostean ere desberdintasun handiei egin behar izaten diete aurre Indiako emakumeek. “Gurasoek ez dute nesken heziketan dirua gastatu nahi, dirua xahutzea dela uste dutelako. Lan baldintzak ere askoz okerragoak dira emakumeentzat. Lantokietan, adibidez, ezin dute gaueko txandarik egin, emakumeen aurkako indarkeria dela-eta. Hiletetan ere ezin dute parte hartu, emakumeen gehiegizko sentsibilitateak jainkoak 'molestatzen' dituela-eta. Ezkontzea ere une gogorra da hango emakumeentzat eta are gehiago alarguntzea. Emakumea izatea ez da erraza inon, hemen ere gauza asko dauzkagu-eta hobetzeko, baina gu baino egoera okerragoan bizi diren emakume asko dago munduan".

Indiako hainbat lekutan ateratako argazkiak jarriko ditu ikusgai: Pune, Bonbay, Varanasi, Rajastan, Goa, Aurangabat, Delhi, Hampi eta Keralan. 70 argazki aukeratu ditu milaka argazkiren artetik. Ayukeraketa egiteko ia hilabete eta erdi behar izan duela dio. “Lehen sei hilabetetan ez nintzen autotik irtetera ere ausartzen eta auto barrutik ateratzen nituen argazkiak. Argazki oso onak ez diren arren, jaso nuen lehen inpresioaren lekuko direlako eta niretzako balio sentimental handia dutelako, horietako batzuk ere jarriko ditut erakusketan". Izan ere, Indian egin duen egonaldiak behar larrian dauden pertsonak laguntzeko sentsibilitatea piztu edo areagotu diola aitortu du. 

•Martxoaren 13ra arte ikusgai
Emakumea izatea Indian erakusketa martxoaren 13ra arte egongo da zabalik, Kultur Etxeko erakusketa gelan. Astelehenetik barixakura, 18:30etik 20:30era. Zapatuan; goiz (12:00-14:00) eta arratsaldez (18:30-20:30), eta domeketan 12:00etatik 14:00etara.

2016 03 02 laura daquinta indianemakumeizatea

2016 03 02 laura daquinta indianemakumeizatea1