Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak argiztatzeko ‘Lumineszenteak’ argazki erakusketa zabalduko dute gaur

Barren.eus 2023ko mar. 3a, 14:28

Lumineszenteak erakusketa zabalduko dute gaur Elgoibarko Kultur Etxeko erakusketa gelan. Igone Mariezkurrena Fernandez (Pasai Donibane, 1985) kazetariaren eta Irantzu Pastor Ordoki (Lesaka, 1985) argazkilariaren proiektua da Lumineszenteak.

 Mariezkurrenak eta Pastorrek (beheko argazkian) 2018tik 2021era, Palestinan, Indian, Lakota nazioan eta Euskal Herrian dokumentatutako narrazioak eta material grafikoa batu zituzten. Material horretatik abiatuta, "Lumineszenteak: Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta erresilentzia historia zenbait" liburua ondu zuten; non, 63 emakumeren testigantzak eta erretratuak ageri dira. Luminiszenteak erakusketak izen bereko liburua du oinarri, haren laburpen edo lagin bat da eta, orotara, lau herrialdetako 24 emakumeren testigantzak eta irudiak erakusten ditu.

Egileen esanetan, diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeen bizitza-historiak eta irudiak biltzen ditu liburuak zein erakusketak. Ikusi ahal izango denaen adibide bat da goiko argazkian ageri den Bera Shirley "Red Star", 71 urteko sioux indigena, lakota bezala ere ezagutzen direnak. Pine Ridge erreserbatik atera zuten haurra zela, Hegoaldeko Dakotan (AEB). Itzuli zenean bere ama hizkuntza ahaztua zuen eta ikusi zuen alkoholak eta drogak sekulako sarraskia eragin zutela bere komunitatean. Lumineszenteak liburu-erakusketan honako hau irakurri daiteke: "Lau haur izan ditut baina ez naiz hauek hezteko gai izan. Nola emango nien maitasuna nik ez banuen sekula horrelakorik jaso?".

Igone Mariezkurrenak eta Irantzu Pastorrek bisita gidatua egingo dute gaur, erakusketaren inaugurazioan, 18:30etik aurrera. Erakusketako irudiak sakonago ulertzeko aukera izango da. 

Lumineszenteak erakusketa hilaren 19ra arte egongo da ikusgai Elgoibarko Kultur Etxean, 18:30etik 20:30era.

 2023 03 03 Lumineszenteak erakusketa igone mariezkurrena Irantzu pastor gaztezulo