'Irati' eta 'Hopper Oilaskoerbia' filmak emango dituzte asteburuan Herriko Antzokian

Barren.eus 2023ko ots. 22a, 16:49

Zinea euskaraz ikusteko aukera izango da asteburu honetan Elgoibarko Herriko Antzokian. Paul Urkijoren 'Irati' filma eta umeentzako 'Hopper Oilaskoerbia' emango dituzte.

Datorren barikutik astelehenera bitartean emango dute 'Irati' filma (+16 urte, 111 minutu), Paul Urkijo gasteiztarrak zuzendutako filma. Zapatu gaueko saioa, 22:15ekoa, jatorrizko bertsioan emango dute, euskara hutsean. Gainerako emanaldiak euskaraz izango dira, gaztelaniazko azpitituluekin. Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren 'El ciclo de Irati' komikia du oinarri filmak, ikuspegi “ilun eta epiko batera eramanda”. Urkijok berak idatzitako istorioa da, eta honakoak dira protagonistak: Edurne Azkarate, Eneko Sagardoi, Itziar Ituño, Nagore Aranburu, Elena Ruiz, Iosu Eguskiza, Kepa Errasti, Iñaki Beraetxe, Iñigo Aranburu eta Ramon Agirre.

VIII. mendeko garai historiko ilunean girotua dago filma. Karlomagnoren armadak Pirinioak astinduko ditu, eta aurre egiteko, haraneko buruzagi menditarrak laguntza eskatuko die bertako jainko zaharrei. Odolezko itun baten bidez, etsaia garaituko du ordainetan bere bizia emanez, baina aurretik bere seme Enekori zin eginaraziko dio haranerako buruzagi ona izango dela. Urte batzuk geroago, Eneko, jada heldua eta kristau sinesmenekoa, bere hitza betetzeko prestatzen ari da, baina, egoera bitxian, frankoei harrapatutako altxorraren ondoan lurperatutako aitaren gorpua desagertuko da, eta bere leinua zalantzan jarriko da. Enekok berreskuratu egin beharko ditu bere patua betetzeko, eta horretarako Irati izeneko lekuko neska pagano baten laguntza beharko du.

  • Hopper Oilaskoerbia, domekan
Hopper erdi oilasko eta erdi erbi jaio zen abenturazale ospetsuaren istorioa kontatzen du Hopper Oilaskoerbia umeentzako filmak. Hopper gainera, Pedro erregearen seme adoptatua da. Ezberdintasunak gorabehera, onartua izateko irrikaz dago Hopper, eta abentura zirraragarri bati ekin dio Abe zerbitzari leialarekin (dortoka sarkastiko bat) eta Meg arte martzialetan aditua den mofeta ausartarekin, Iluntasunaren Hamster izeneko erlikia diruzalearen bila. Hirurek erronka handi bati egin behar diote aurre, Lapin baino lehenago iritsi behar baitute. Lapin gaizkilea da, eta duela gutxi kartzelatik ihes egiteak erreinuko bakea mehatxatzen du.
Elgoibarren euskaraz emango dute Belgikan ekoitzitako marrazki bizidunen filma. Hona asteburuko karteldegia:

24 BARIKUA

  • 19:00 IRATI

  25 ZAPATUA

  • 19:00 IRATI
  • 22:15 IRATI

  26 DOMEKA

  • 16:30 HOPPER OILASKOERBIA (DENAK) 91´
  • 19:00 IRATI

  27 ASTELEHENA

  • 21:00 IRATI

 

2023 02 22 hopper oilaskoerbia filma zinea