Goazen 9.0 kontzerturako bigarren saioa antolatu dute, lehenengorako sarrerak minutu gutxitan bukatu eta gero

Barren.eus 2023ko ots. 15a, 09:38

Go!azen 9.0 ETB1-eko telesaileko gazteen zuzeneko emanaldia izango da Elgoibarko Herriko Antzokian, martxoaren 17an. Elgoibarko Udalak emanaldiaren saio bat antolatu zuen, eta 30 minutuan agortu ziren sarrerak, aurreko zapatuan egin zuten aurre salmentan. Bigarren saio bat antolatu du Udalak.

Joan den zapatuan ireki zuten Go!azen 9.0 emanaldirako sarrerak saltzeko epea. 12:00etatik aurrera eros zitezkeen sarrerak online, www.herrikoantzokia.eus web orrian, eta herritarrak zain zeuden sarrerak eskuratzeko, orduerdian agortu baitziren.

Sarreren salmentak eduki duen arrakasta ikusita, ikuskizunaren bigarren saio bat programatzea erabaki du Udaleko Kultura Sailak. Dagoeneko sarrerarik gelditzen ez den lehen saioa 19:00etan izango da, eta bigarrengoa 17:00etan hasiko da. Bigarren saio horretarako aurre-salmenta otsailaren 17an, barikuan, izango da. 12:00etatik aurrera www.herrikoantzokia.eus web orrialdean erosi ahal izango dira sarrerak.

Go!azen fenomenoak demaseko arrakasta izaten jarraitzen du, bai telebistan ematen dutenean, eta baita Euskal Herrian barrena kontzertu bira egiten dutenean ere, ohikoa baita emanaldietarako sarrerak agortzea. Elgoibarren ere ikuskizun eszeniko ikusiena izan da azken urteetan. Iaz ere bi saio eman zituzten Elgoibarren eta bietan bete zuten Herriko Antzokia.

Basakabi udalekuetako gazteen gorabeherak kontatzen ditu Goazen telesailak. Bederatzigarren denboraldi honetan Saioa, Alain eta Gontzal dira Basakabiko ikasle berriak, eta beteranoen artean biziko dira. Haien arteko harremanak eta istorioak azaltzen ditu, musika eta dantza artean. Kontzertuan, telesaileko protagonistak aurrez aurre ikusteko eta haiekin dantzatu eta kantatzeko aukera izango dute ikusleek.