Hitanoa eta emakume erreferenteak ezagutarazteko telefonorako aplikazio berriak

Barren.eus 2023ko ots. 13a, 12:40

Eskuko telefonorako aplikazio berri biren berri ematera gatoz gaur. Hitanoa ikasteko aukera ematen du batak (Appa hi!), eta emakumeei dagokien aitortza egiteko sortu dute bestea (EmariAPP).

Badihardugu euskara elkarteak garatu du Appa hi! aplikazioa, CodeSyntax-ekin elkarlanean eta Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin. Aurrez, Oñatiko hitanoa ikasteko aplikazioa sortu zuten Ingo Xonau! proiektuaren baitan. Ingo xonau! proiektua herri ekimenetik sortu zen Oñatin 2019an, bertako hitanoa biziberritzeko asmoz. Konturatu ziren andrazkoen hika (noka) galtzen ari zela herrian, hiztun gazteenek 50 urte inguru zituztelako, eta horri buelta emateko asmoz batu zen herritar talde bat. Orduan jabetu ziren hitanoa ikasi eta zabaltzeko gogoa bazegoela herritarren artean, bazegoela interesa, baina horretarako mota askotako tresnak beharko zituztela bereziki gazteengana iristeko, besteak beste teknologia berriek eskaintzen dituztenak. Eta Oñatirako sortu zuten aplikazioak izan zuen arrakasta ikusita sortu dute gerora euskara baturako bertsioa. Aplikazioa doakoa da, eta PlayStoren dago eskuragarri.

Bost astean hitanoa ikasteko aukera ematen du aplikazioak, ondo erabilita. 35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen du: azalpenak, marrazkiak -Mirari Sagarzazu marrazkilariarenak- eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak direnak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera du erabiltzaileak. Eta bestela, berriro saiatu daiteke, partidak errepikatzeko aukera ematen duelako. Nahi beste aldiz egin daitezke ariketak, ondo egin arte. Astero-astero errepaso bat egiteko aukera ere ematen du, eta gaindituz gero, maila igotzeko aukera dago. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua.

 • Kalaka, komunikazioa eta parekidetasuna
Kalaka kooperatibak sortu du EmariAPP aplikazioa Emakunderen eta Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundien babesarekin. Komunikazioa eta parekidetasuna dira Kalakaren lanaren ardatz nagusiak eta historiako eta gaur egungo emakumeak ezagutarazteko jolasa da EmariAPP. Egunero emakume erreferente bat ezagutzeko aukera eskaintzen du jolasak. Partida bakoitzean gehienez bost pista ager daitezke, eta erantzuteko denbora mugatua da: minutu bat eta hogeita hamar segundu. Pistak banaka ematen dituzte, eta gehiago behar izanez gero bakarrik erabili behar da hurrengo pista, puntuazio altua nahi duenak ahalik eta pista gutxien erabili beharko baititu erantzun zuzena emateko. Profila sortzen duenak, gainera, jolaserako beste emakume batzuen fitxak sortzen ere lagundu dezake, proposamenak eginda. Emari Aplikazioa doakoa da eta PlayStoren dago eskuragarri.

 

2023 02 10 appa hi app aplikazioa hitanoa