Jabier Arrizabalaga "Ziarda"-ren azken koplaldia santa eskean

Barren.eus 2023ko ots. 9a, 14:03

1994an berreskuratu zuen Elgoibarko Izarrak baserriz baserri kantuan eta eskean jarduteko ohitura zaharra, eta koplari lanetan aritu da hasieratik Jabier Arrizabalaga 'Ziarda' (Elgoibar, 1960) bertsolaria. Aurten azkenengoz aritu da koplari moduan eta omenaldia jaso zuen.

Ziarda eta German Meabebasterretxea bertsolari elgoibartarrak dira 1994tik gaur arte hutsik egin gabe Elgoibarko Izarraren santa eskean koplari aritu diren bakarrak. Ziarda 2019an erretiratu zen plazatik, sanbartolomeetako Baserritar Eguna aukeratu zuen agurrerako (ikus agurraren harira Ziardak BARRENi eman zion elkarrizketa -PDF-).

Orain santa eskeko koplari lanetatik ere erretiroa hartzea erabaki du Aiasti auzoko Ziarda baserriko semeak. Aurten irten da azkenengoz. Makina bat urtean ibili da santa eskean, Elgoibarko Izarrarekin hasi aurretik ere, auzoan bertan, Deban eta Mallabin ibilitakoa baita Santa Ageda bezperaz kantuan.

Joan den zapatuan baserri auzoetako etxeak koplatzen aritu ziren Elgoibarko Izarraren taldeko sei koplarietako bat izan zen Ziarda, German Meabebasterretxea, Juan Mari Areitio, Uxue Alberdi, Ane Labaka eta Juan Jose Eizmendi 'Loidisaletxe'rekin batera. Hiru taldetan banatuta aritu ziren kantuan eta eskean, eta Idotorbeko elkartean batu ziren amaieran, afari-merienda egitera. Bazkalostean omenaldia egin zioten Ziardari eta oroigarria eman ere bai. Imanol Larrañagak eman zion oroigarria Elgoibarko Izarraren Santa Ageda taldearen izenean. "30 urte koplari, baserriz baserri, herrigintza eta ohitura zaharrak sustatuz. Beti leial, apal eta lagun, eskerrik asko Jabier eta nahi duzun arte", esan zion. Ziardak, nola bestela, bertsotan eskertu zuen aitortza. Hontax bota zituen bi bertsoak:

Guztiok eskertzeko
hartuko det txanda,
sari polit hau orain
jaso baidet danba.
Gainera, Imanolen
eskutik emanda.
Urtero santa eskera
zuekin joanda,
neretzako ohore
haundi bat izan da.

Santa Ageda nola den
negu mingotsean,
ongi hartu gaituzte
etxe bakoitzean.
Urteetako jarduna
orain oroitzean,
soinu-jole, klopari,
korua atzean.
Geldituko zarate,
nire bihotzean

Ikusentzun bertsoak bideoan

2023 02 04 jabier arrizabalaga ziarda omenaldia santa eskea elgoibar izarra