'Hobe ixilik!' antzerkia, otsailaren 10ean, Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2023ko ots. 7a, 14:25

'Hobe ixilik!' obra taularatuko dute otsailaren 10ean, barikuan, Herriko Antzokian. Txalo Produkzioak konpainiaren obra da, eta Itziar Ituño eta Ramon Agirre dira aktore protagonistak.

Bata zein bestea, biak ala biak, elkarri kontu-kontari eta, aldi berean eztabaidan arituko dira oholtzan. Me Too, aldaketa klimatikoa, amatasun subrogatua... Eztabaida dantzan dago, baina non eta nola eztabaidatzen den beste kontu bat da, eta horren harira jardungo dira antzezlanean. Nork esan dezake zerbait? Noiz? Nori? Eta zer tenoretan?

Txalo produkzioak konpainiaren obra honek adierazpen askatasuna ustez nagusi den honetan, aipatzen ez diren gauzak ere badirela azpimarratuko du. Salome Lelouch-ek idatzitako obra honen itzulpena Ramon Agirre aktoreak berak egin du.
Emanaldia 19:00etan hasiko da. Sarrerak salgai daude dagoeneko www.herrikoantzokia.eus helbidean, 10 euroan. Leihatilan ere salduko dituzte sarrerak egunean bertan, gelditzen badira. Antzezlanak 75 minutu irauten ditu.