Kultura

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2023 01 26 BelarHostoak02 Photo Gari Garaialde 1Kaleratu duten Belar Hostoak II diskoaz eta domekan Elgoibarren emango duten kontzertuaz galde egin diegu Jon Gurrutxagari eta Urbil Artolari.

Txomin Artolak Walt Whitmanen Leaves of Grass liburutik aukeratutako testuak euskaratu eta Belar Hostoak diskoa argitaratu zuen 1978an. Haren seme Urbil Artolak Bilboko Loraldia festibaletik Walt Whitman poetari omenaldi moduko bat egiteko proposamena jaso zuen, eta duela 44 urteko disko hura berrinterpretatu du. Belar Hostoak I eta Belar Hostoak II diskoak kaleratu ditu, lagunez inguratuta. Dani Venegas, Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua eta Jon Gurrutxaga elgoibartarrak hartu dute parte lan berri honetan. Domekan kontzertua emango dute Kultur Kafean, 12:30ean.

 • 1978an Txomin Artolak kaleratutako 'Belar Hostoak' diskoa kaleratu duzue berriro, disko bikoitz batean. Bata disko originalaren bermasterizazioa da, eta bestea, zuen bertsioekin osatutakoa. Non dago proiektu honen abiapuntua?
Urbil Artola: Loraldia festibaletik jaso nuen proposamen batean du abiapuntua. Walt Whitmanen testu euskaratuekin Txomin Artolak 1978an argitaratutako Belar Hostoak diskoaren berrikuspen bat egitea proposatu zidaten. Emanaldi hura 2022ko martxoan eman genuen Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, eta abestien moldaketak eginak genituela baliatuz, horiek grabatzea erabaki genuen. Elkar argitaletxeari proposamena luzatu eta beraien eskutik kaleratu zen Durangoko azokaren bezperetan. Txomin Artolak 78an argitaratutako disko bermasterizatua jasotzen du batetik (Belar Hostoak I), eta guk grabatutakoa bestetik (Belar Hostoak II).

2023 01 26 BelarHostoak diskoa

 • Proposamena iritsi zitzaizunean, zer sentitu zenuen?
Ardura, poza, bertigoa... guztiak sentitu nituen. Oso erakargarria bazitzaidan ere, errespetuz begiratzen nuen proposamena, ondo ezagutzen nituen abesti eder horiek birmoldatzea erronka handia baitzen.
Urbil, zer izan da zuretzat aitaren lan hura 44 urte geroago zuk zeuk kaleratzea?
Aitaren diskografiatik harago, nire disko kuttunenen artean dago Belar Hostoak. Berezia bezain ederra izaten ari da bizitzen ari naizena.

 • Eta, aitak, nola hartu zuen?
Oso ondo hartu zuen. Lehen urrats haiek urrunetik jarraitu bazituen ere, Loraldiako emanaldiaren ondotik, diskoa grabatzea erabaki genuenetik, ondoan izan dut. Abestien konponketa berriak, baina, diskoa grabatu ondoren ezagutu ditu. Lan berriaren entzule fidelagorik nekez topatuko dugu inguruan. Asko gustatu zaizkio konponketa guztiak eta musikari bakoitzaren ekarpena. Jonen lana goraipatu du maiz. Bere interpretazioa bikaina izan dela dio. Neurri batean niri gertatu zaidanaren antzeko zerbait gertatu zaiola uste dut: disko hartako zenbait abesti urte luzeetan oso presente izan baditugu ere, beste batzuk gure memorietan denborak nahiko atzean utzitakoak ziren eta abestien berraurkitze moduko bat bizi izan dugu. 78ko Belar Hostoak lan osoaren berraurkitze bat bizi izan duela esango nuke ere.

 • Musikari lagunez inguratuta egitea erabaki zenuen. Nola moldatu zarete diskoa egiteko?
Buelta asko eman nizkion musikarien aukeraketari. Musikari lagun asko ditut inguruan, eta guztiekin imajinatzen nituen emaitza ederrak bezain ezberdinak. Proiektuan sinetsiko zuten lagunez inguratu nahi nuela argi nuen hasieratik. Musikaz harago, Whitman ezagutzera iritsi eta modu batera edo bestera, bere filosofiarekin bat egingo zutenak gainera. Diskoko hiru abestiren moldaketak nondik jo zezaketen argi nuen eta bere horretan plantetau nizkion Daniri. Gainontzekoak berak proposatu ditu. Musikari bakoitzak eman zezakeenaren jakitun, ia bakoitzaren neurrira egindako lana izan da. Entsegutarako, bost lagunen agendak uztartzea zuen zailtasuna ikusita, distantzian lan egitera behartuak egon gara. Konponketa berriak emailez trukatu eta entsegurako elkartu ginen lehen aldian, Loraldiako emanaldirako ia puntuan ginela ohartu ginen.

 • Aitari ez al zenion eskaini abesteko aukerarik?
Bai, noski! Bururatzen zitzaizkidan aukeren artean berea zen lehena. Abestiak berak sortu zituen, eta berarekin lotzen ditut naturalki. Baina berak argi zuen lan berriak zentzu guztietan izan behar zuela ezberdina, eta arrazoi zuen. Belar Hostoak 75eko udan konposatu eta 78an argitaratu zuen, testuinguru jakin batean. Etapa hura hasi zuen bezala, bere unea iritsi zenean itxi zuen.

 • Jon Gurrutxaga, zu izan zara disko honetako musikarietako bat. Zein izan da zure lana diskoan?
Abesteaz arduratu naiz. Txominek 1978ko diskoan egin zituen melodiak oinarri hartuta eta haien egituretatik gehiegi aldendu gabe grabatu ditut ahotsak. Grabaketa originalaren esentzia mantentzen saiatu naiz, baina bertsio berriei nire ukitu pertsonala emanez.

 • Nola hartu zenuen Urbilen proposamena?
Ilusio handiz. Banekien Urbilentzat proiektu berezia zela, eta poz handiz hartu nuen. Ardura ere sentitu nuela onartu behar dut, euskal musikaren historikoetako bat da Txomin, eta askorentzat disko kuttuna da Belar Hostoak. Horregatik, lan txukun bat egin nahi nuen. Ohore bat izan da lan honetan parte hartzea.

 

2023 01 26 BELAR HOSTOAK Photo Gari Garaialde

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza