Gaur arratsaldean iritsiko dira ekialdeko errege magoak Elgoibarrera eta Mendarora

Barren.eus 2023ko urt. 5a, 10:33

Ekialdeko errege magoak gaur arratsaldean iritsiko dira gurera, Elgoibarrera eta Mendarora.

18:00etan hasiko dute Mendaron Arno Guraso Elkarteak antolatu duen desfilea. Moxuaneko paretik abiatuko dira eta kalez kale ibiliko dira gero hiru erregeak, zaldi gainean. Herria zeharkatu ostean, frontoian jasoko dituzte haurren gutunak.

Elgoibarren ere 18:00etan ailegatuko dira errege magoak Santa Klara auzotik, zaldiz. Kalegoen plazan egingo diete herritarrek harrera, eta jaioberri den Jesus haurtxoa gurtzera joango dira eliza atarira. Urrea, intzentsua eta mirra eskainiko dizkiote umeari, eta horren ondoren, kalez kale ibiliko dira. Maalan egingo dute ohiko geldialdietako bat eta zalditik jaitsi eta San Lazaro zahar egoitzan sartuko dira erregeak bertako bizilagunei bisita egitera, eta opariak banatzera, noski. Herri osoa zeharkatu ostean, udaletxeko arkupeetan jasoko dituzte Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek umeen gutunak, gaur gauean opariak banatzeko. Bihar, kristau ikasbidekoen mezan ere hartuko dute parte erregeek.

Elgoibarko Parrokiako Katekesiak aurreratu zuen aurten izango dela desfilea antolatuko duten azken aldia, eta harrezgero errelebo eske dabiltza. 2020an ez zen errege magoen desfilerik egin, koronabirusak eragindako pandemia dela-eta. Iaz egin bai, baina ez zen ohiko desfilea izan, Covid19ak baldintzatutako desfilea baizik. Ez zen jaiotza bizidunik egon eta erregeak ere paje bakarrarekin etorri ziren, segizioarik gabe. Eta, goxokirik ere ez zuten bota. Bi urtean segigizorik gabe desfilea egiteak aurtengoa antolatzea zaildu die katekesi taldekoiei, parte hartzeko ohitura galdu baitute urteotan herritarrek. Hala, izena emateko egin zituzten deiadiek erantzun oso apala eduki dute, eta aitortu dute kosta egin zaiela segizioan parte hartzeko prest zeuden umeak inguratzea. Eurek jo dute umeengana eta familiengana eta lortu dute segizioa osatzea. Antolatuko duten azken desfileak merezi zuen ahalegina, eta jendetsua eta ikusgarria izango dela esan dute.

2023 01 04 errege desfilea mendaro 2018 BARREN

2023 01 04 erregei eskutitzak errege postontziak elgoiar BARREN