Urte osorako egitaraua prestatu du Haritz Euskal Dantzari Taldeak 50. urteurrena ospatzeko

Barren.eus 2023ko urt. 3a, 11:51

Haritz Euskal Dantzari Taldeak 50 urte beteko ditu aurten, eta urte osorako egitaraua aurkeztu dute, urteurrena ospatzeko.

1973ko abuztuaren 24an irten ziren plazara estreinakoz, Elorra eta Ongarri eta Elgoibarko Izarra dantza eskoletan ibilitako hainbat dantzari eta txistulari. San Bartolome Eguna zen, eta soka-dantza egin zuten Kalegoen plazan. Huraxe izan zen Haritz euskal dantzari taldearen hasiera, eta ordutik, ez du dantzak etenik izan Elgoibarren.

Abuztuan beteko ditu taldeak ofizialki 50 urte, baina urte osoan zehar egingo dituzte urteurrena ospatzeko ekintzak. Hitzaldiak, dantzaldiak, erakusketak eta beste hainbat ekitaldi iragarri dituzte, eta urtarrilean bertan hasiko dituzte ekintzak, ikasleentzako antolatu duten marrazki lehiaketarekin. Hilero egongo da ekintza bat, eta ekainean Haritz Eguna ospatuko dute, hilaren 17an.
Ohiko aurresku txapelketaz, folklore jaialdiaz, Errosarioko Ezpata Dantzaz eta Plazara Dantzara erromeriaz gain, erraldoien topaketa, plazako dantzak eta beste hainbat jaialdi izango dira aurtengoan.

2022 12 27 haritz EDT Egitaraua 50 urte