'Kantu bat gara' gure buruari, gure herriari eta gure historiari begiratzeko modu bat dela aurreratu du Jon Maiak

Barren.eus 2022ko aza. 29a, 13:49

Azaroaren 19an dantzan hasi zen Euskaraldiari kantuan emango diote amaiera Elgoibarren, Jon Maiaren “Kantu bat gara” ikuskizunarekin. Eguen honetan Herriko Antzokira joango direnek ikusi, entzun eta sentituko dutenaren berri eman du artista zumaiarrak.

“Ez da kontzertu bat. 'Kantu bat gara' gure buruari, gure herriari eta gure historiari begiratzeko modu bat da. Txikiak gara, baina oso handia den zerbaiten parte gara; milaka urteko historia duen herri baten parte. Kantuz kantuko bidaia ere bada; azken 30 urteotan idatzi ditudan kantuen eta irakurketen gaineko bidaia. Emozio handiko topaketa bat da 'Kantu bat gara'”, aurreratu du eguen honetan, abenduaren 1ean, Elgoibarko Herriko Antzokian gidatuko duen saioaz.

Hamarkada askoan bertsolari entzutetsua izan da Jon Maia. Euskal abesti askoren letren egilea ere bada, eta abeslaria “Karidadeko Benta” edo “Hezurbeltzak” moduko ikuskizunetan. Oraingoan, antzokietara itzuli da Elkar argitaletxeak kaleratu duen “Kantu bat gara” diskoarekin, bere hainbat kantu ezagunen bertsioak jasotzen dituen lana. Izan ere, 30 urte dira Maiak bere lehenengo kantak idatzi zituela, Negu Gorriak taldearen 'Gure jarrera' diskorako. Ordutik, Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde eta abeslarirentzat idatzi ditu kantuen hitzak: Negu Gorriak, Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken zazpi eta abar. Horietako kantu asko eta asko jendearen gogoan geratu dira dagoeneko: Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenbiziko bala, Nirekin, Non geratzen den denbora, Eskuetan, Itsasoa gara, Zaharra zara Bilbo eta abar luze bat. Horietako asko entzuteko aukera izango da Elgoibarko kontzertuan.

Goi mailako musikariez inguratuta etorriko da: Pello Ramírez (biolontxeloa), Gorka Hermosa (akordeoia), Nacho Soto (teklatua) eta Nerea Quincoces (ahotsa eta perkusioa).
Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Euskaraldia Taldeak antolatu dute kontzertua, Euskaraldiari amaiera emateko. Euskararen Egunean, abenduaren 3an amaituko da Euskaraldiaren hirugarren edizio hau, baina aurten zubi luze baten hasiera eguna denez, Elgoibarren aurretik ospatzea erabaki zuten antolatzaileek.

2022 11 29 kantu bat gara jon maia gorliz

∞Lotura duten albisteak: