Javier Elorza: “Ospea Magallaesek du, baina munduaren bira osatzearen meritua Elkanorena da”

Barren.eus 2022ko urr. 28a, 13:55

'Elkano eta euskal marinelak munduari lehen biran' izeneko hitzaldia eman zuen Javier Elorza Maiztegi historialariak (Soraluze, 1953) eguaztenean, Elgoibarren. Elgoibarko Izarrak eta Ilumberri Achademiak antolatu zuten, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, eta duela 500 urteko abentura heroiko eta gatazkatsu haren inguruko jakingarriak eman zituen Elorzak.

Mediterraneo eta Atlantikoko merkataritzan aberastutako Domingo Sebastian Elkano itsasgizonaren eta Katalina Porturen bederatzi seme-alabetan laugarrena izan zen Juan Sebastian, familia negozioari segida eman ziotenetako bat, eta haren ibilerez eta Hernando Magallaesek zuzendutako espedizio hartan parte hartu zuten marinel euskaldunei buruz aritu ginen Elorzarekin, hitzaldia aurretik.

 • Lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena bete da. Baina badira historialari batzuk esaten dutenak 1519an abiatu eta 1522an Juan Sebastian Elkanok osatutako munduaren bira ez zela izan historian egindako lehenengoa. Zer diozu?
Gauza asko esaten dira, baina egiaztatu egin behar dira, eta kontu horrek ez dauka oinarririk.

 • Bide komertzial berriak zabaltzea, espezieekin etekin ekonomiko handiak lortu nahia, botere anbizioa... zein izan zen espedizio haren benetako arrazoia? Eta zerk eman zuen bide horretarako?
Portugaldarrekin izandako istiluek eman zuten bidea. Gaztela-leondarrek bazekiten portugaldarrek hemen ez zegoen jenero asko ekartzen zutela, eta, jakina, muturra sartu nahi izan zuten negozioa ikusten zuten lekuan. Aurrez, 1491n, Tordesillaseko Ituna sinatua zuten Gaztelako eta Aragoiko errege-erreginen ordezkariek eta Portugalgo erregearenek. Itunak Ozeano Atlantikoaren eta Mundu Berriaren (Amerika) nabigazio eta konkista eremuen banaketa ezarri zuen, Cabo Verdeko uharteetatik hainbat itsas legoara dagoen lerro baten bidez, eta lehen mundu biraren espedizioan lanean hasi zirenean, segituan sortu zen zeresana. Moluketara joateko beren lurretan sartzen ari zirela leporatu zieten portugaldarrek gaztela-leondarrei, eta haiek, ezetz, beren juridiskzioko lurrak zirela. Espedizioaren arrazoia beraz, argi eta garbi, ekonomikoa izan zen. Ez ahaztu, gainera, 250 lagunekin ez dagoela ezer konkistatzerik. Egia da, hori bai, portugaldarrei ez ziela graziarik egingo eurekin ibilitako bi portugaldar, Hernando Magallaes nabigatzailea eta Rui Faleiro astronomoa, Espainiaren zerbitzura ikusteak eta haien ezagutza eta eskarmentua beste potentzia nagusiaren esku jartzeak.

 • Zerk eraman zuen Magallaes gaztela-leondarren aldera jartzera?
Europako portu garrantzitsuena izan zen Sevillakoa, eta Magallaes nabigatzailea izanda, sarri ibiliko zen han. Ezkondu ere sevillar batekin ezkondu zen, Beatriz Barbosarekin, Sevillako nobleziako alaba batekin. Beatrizen aita ere portugaldarra zen izatez, baina Errege Katolikoen alde ibilia zen Granadan, eta saritzat Sevillako Errege Alkazar jauregi-multzo harresituko nagusi izendatu zuten. 1518ko lehen hilabeteetarako oso aurreratuak zituzten Magallaesek eta Ruy Faleirok negoziazioak Gaztelako erregearekin eta martxorako emanak zituen erregeak espedizioa antolatzeko behar ziren baimen guztiak. Adostu zuten bost itsasontzi prestatuko zituztela [haietako hiru Euskal Herrian egindakoak ziren].

 • Nola batu zen Elkano espedizio hartara?
Pentsatzekoa da espedizio hartan ardura izan zuen norbaitek gomendatuta sartu zela, eta Elkanori mesede egin ahal izan zioten pertsona guztien artean bi euskal herritarrek bakarrik jokatu zuten garrantzizko papera espedizio haren prestaketan: Juan Elorriaga itsasontzi maisuak, fenomenoa bera, eta Juan Lopez Errekaldek, Sevillako Kontratazio Etxeko kontularia zen azkoitiarrak. Uste dugu Elorriagaren eskutik sartu zela Elkano espedizioan, baina ukaezina da biekin izan zuela harremana.

 • Nor zen Elorriaga. Zer beste dakigu hari buruz?
Eskarmentu handiko itsasontzi maisua zen eta garbi gelditu zen hori Pedrarias Davilaren agindupean 1514an Erdialdeko Amerikako Darien kostaldera egindako espedizioan -Castilla del Oro-. Karabela biribil batean abiatu zen, 62 upel eskasekoan. Itsas armada hartako ontzi txikiena zen berea, bela karratu, zurrun eta norabide bakarrekoak zituena. Sekulako lorpena da ontzi hartan buelta hura ematea, biribila izatean zabalagoa zelako eta zailtzen zuelako nabigatzea. Espedizio hartan hogeiren bat itsasontziko flota abiatu zen urre bila, 1.500 bat pertsona, tartean euskal herritarrak ere bai, baina bi ontzi bakarrik itzuli ziren Sevillara bueltan, haietako bat Elorriagarena; gainerakoak hondoratu egin ziren. Broma izeneko molusku parasitario batek zulatu zituen itsasontzien kroskoak. Zortzi urte geroagorako izugarri aurreratu zen ontzigintza.

 • Zer eginkizun eman zioten Elkanori?
Itsasontzia hornitzea eta antolatzea zen itsasontzi maisu baten egitekoa, baina espedizioko kideak hautatzea ere agindu zion Magallaesek. Izan ere, Magallaesek zailtasun handiak izan zituen itsas armada hartan sartzeko prest zeuden marinelak topatzeko Sevillan. Marinelei eskaini zizkieten soldatak ez ziren txarrak berez, baina espedizio haren norakoak eta helburuak ez ziren erakargarri. Ziurrenik errazagoa zatekeen bide ezagun eta zehatz bat egiteko flota batean erroldatzea, baina kasu hartan arriskua handia zen. Ez dugu ahaztu behar espediziorako hartu zituzten bi ontzi kargatuta eta Londresera eta Flandriara abiatzeko gertu zeudela enbargatu zituztenean, baina haietan itsasoratzear ziren marineletako bakar batek ere ez zuela izena eman espediziorako [Domingo de Apaillua ondarrutarrarena zen ontzietako bat, Santa Maria izenekoa, espediziorako Victoria izenez adskribatu zutena, eta Diego Sanchez de Asua erandioarrarena zen bestea, Santa Maria izenekoa hura ere, gerora San Antonio izena eman ziotena].

 

2022 10 26 elkano liburua javier elorza elgoibar BARREN

2022 10 26 hitzaldia elkano javier elorza elgoibar kulturetxean

2022 10 26 hitzaldia elkano javier elorza elgoibar mapamundiagaz