'Sexberdinak' antzezlana taularatuko du barikuan Tanttaka konpainiak, Elgoibarren

Barren.eus 2022ko urr. 18a, 15:12

Ezgaitasuna duten pertsonek sexualitatea nola bizi duten kontatzen duen 'Sexberdinak' antzezlana ekarriko du Elgoibarrera Tanttaka konpainia donostiarrak, barikuan, urriaren 21ean.

Mireia Gabilondok zuzendutako lana da, eta Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia ariko dira Nico eta Ana bi protagonisten azalean sartuta. Garun paralisia duen Nicoren eta amatasunaren gaiarekin topo egiten duten Anaren arteko kontakizuna da Sexberdinak. Garun paralisiagatik egunero-egunero topatzen dituen arazoak bistaratzen ditu Nicok, eta sexualitatea nahiz maitasuna nola sentitzen dituen ikustarazten du. Anak, berriz, hain bistakoak ez diren paralisiak erakusten ditu, hala nola amatasuna eta denboraren iragankortasuna, emakumezko baten bizitzan. Telmo Irureta zumaiarrak Kepa Errastirekin batera idatzi du lana. Iruretak, gainera, Besarkada saria eskuratu berri du antzezlanarengatik, Euskal Aktoreen Batasunak antolatutako sarien ekitaldian.

Elgoibarko Herriko Antzokian emango dute antzezlana, 19:00etan hasita. Sarrerak aurrez erosteko: herrikoantzokia.eus