Torontoko literatura jaialdian parte hartu dute Danele Sarriugartek eta Uxue Alberdik

Barren.eus 2022ko urr. 14a, 13:18

Toronto International Festival of Authors nazioarteko literatura jaialdian parte hartu dute Danele Sarriugarte eta Uxue Alberdi idazle elgoibartarrek, Miren Amuriza bertsolari eta idazlearekin batera.

2019ko udan Etxepare Euskal Institutuaren eskutik Edinburgoko liburu azokara egindako bidaiak eman die bidea Torontora joateko, orduan Edinburgoko azoka antolatzen jardun zen Roland Gulliverrek eskatuta joan direlako oraingoan Torontora. Edinburgon, Euskal Herria izan zen herrialde gonbidatua eta hainbat euskal idazle gonbidatu zituzten, tartean Uxue Alberdi eta Danele Sarriugarte. Alberdik bi kontutan parte hartu zuen. Batetik, Irlandako poeta batekin eta Edinburgoko musikari batekin zuzeneko emanaldi bat prestatu zuen, eta bestetik, bertsolaritza aurkezteko saioa eman zuten Sarriugartek eta biek. Alberdik bertsotan egin ahala Sarriugartek ingelesez interpretatu zituen zuzenean bertso haiek.

Toronto International Festival of Authors nazioarteko literatura jaialdia urtero egiten den azoka da eta ezaguna da nazioartean, besteak beste, munduko literatura garaikideko idazlerik onenak bildu ohi dituztelako. Sarriugartek, Alberdik eta Amurizak Bertsolaritza? The original poetry slam! ekitaldian parte hartu zuten irailaren 28an eta irailaren 30ean, berriz, hizkuntza gutxituan idazteari buruzko 'Mundua beste hitzetan: euskal idazleak elkarrizketan’ mahaiinguruan. Euskal literaturgintzaz eta euskaraz gain, hizkuntzaren botere eta sormenerako gaitasunaren inguruan aritu ziren, ahozko, idatzizko eta itzulitako hitzetan jarrita arreta.