Vicente Guinearen Euskal Herriko zuhaitz erraldoi eta bereziei buruzko argazki erakusketa, Iruñeko Ingurumen Hezkuntzako Museoan

Barren.eus 2022ko urr. 4a, 09:48

Naturzale amorratua da Vicente Guinea González De Artaza elgoibartarra, eta zuhaitzak ditu gogoko bereziki. Argazkilaritza da bere beste zaletasun nagusietakoa eta biak uztartu ditu Euskal Herriko zuhaitz erraldoiei eta bereziei atera dizkien argazki bilduman.

Argazkilari elgoibartarrak urteak daramatza zuhaitz berezien bila, horiek argazkitan jasotzeko. Animalien forma bitxiak bilatzen ditu zuhaitzetan, pagoetan batez ere, eta “Animarbolak: irudimena askatzeko formak” argazki bilduma izan zen bilaketa horren emaitza, duela urte batzuk. Horrez gainera, Euskal Herrian dauden zuhaitz erraldoiei eta bereziei ere atera dizkie argazkiak. Neurria, adina, historia, edertasuna edo egoeragatik aparteko edo azpimarratzeko ezaugarriak dituzten zuhaitz aleak dira Guineak bilatzen dituen zuhaitz berezi horiek.

Pagoa, haritza eta artea dira Euskal Herriko zuhaitzik adierazgarrienak. Lotura estua dute baserriarekin eta mota guztietako ipuin eta elezaharrekin, eta itzala eta babesa eman diete baseliza, animalia-talde, eta jai giroan eta erromerian elkartzeko zelaiei. Baserria da adibiderik argiena, familia- eta gizarte-bizitzaren erdigune gisa. Eta natura horren barnean, basoak eta hura osatzen duten zuhaitzak dira erdigunea, ‘Amalurra’ (Lurra) eta pertsonen arteko oreka horren ikusmoldean.
 • Erakusketa, Iruñean
Zuhaitz erraldoi eta bereziei ateratako argazkiekin osatutako bilduma Iruñeko Ingurumen Hezkuntzako Museoan ikusteko aukera izango da, gaurtik abenduaren 9ra bitartean. Bihar, urriaren 5ean, izango da inaugurazio ekitaldia, 18:30ean. Bisita gidatua emango du Guineak. (Informazio osoa hemen)

 

∞ Lotura duten albisteak: