Hiriak, bertako txokoak zein biztanleak Javier Campano argazkilariaren begiradatik

Barren.eus 2022ko ira. 15a, 09:17

Javier Campano argazkilari madrildarraren lanak jarriko ditu ikusgai Ongarri argazkilari taldeak Kultur Etxean, barikutik aurrera.

70eko hamarkadan piztu zitzaion argazkilaritzarako interesa Javier Campanori (Madril, 1950), eta autodidakta izan da bere lanbidean. Espainiako argazkigintza berritzea zuen helburu eta beste artista askorekin elkarlanean aritu da. Bere laborategi propioa izan du hasieratik, eta zuri-beltzean lan egiten hasi zen. 2010ean sistema analogikoa alboratu eta digitalean lan egiten hasi zen, koloretan. Kaleko argazkilari moduan definitzen du bere burua, eta bere lanetan hiriak eta barrunbe urbanoak dira nagusi. "Kaleko argazkilaria naiz, asko gustatzen zait hirietan paseatzea eta ikusten dudanaren argazkiak egitea: oinezkoak, atmosferak, uneak, xehetasunak, hirietan bizi den jendea", dio bere lanaz.

Dozena bat liburu idatzi eta bere lanen erakusketa ugari egin ditu, tartean Javier Campano. Hotel Mediodía nabarmentzen da, Museo Nacional Centro Arte Reina Sofíak 2004an eskainia edo Campano en color, Canal de Isabel II aretoan, 2017an. 2013an Madrilgo Erkidegoak emandako Kultura Saria jaso zuen Argazkilaritza kategorian. Bere lana Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofíako, Teruelgo Museoko, Fundación Telefónicako, Fundación La Caixako, Espainiako Bankuko edo Madrilgo Erkidegoko bildumetan dago ikusgai.

Ongarrikoek uste dute Elgoibarren ikusgai jarriko duten erakusketa izango dela "Euskadin egin duen lehen bakarkako erakusketa, eta horregatik aukeratu ditugu bere ibilbideko zuri-beltzeko irudirik esanguratsuenak, lehen argazki-laborategia muntatu zuenetik 50 urte bete direnean. Erakusketa honetan, ikusleak, hiriek, bertako txokoek zein biztanleek Campanoren begiradatik dimentsio berri bat nola hartzen duten ikusiko du, zuri-beltzeko atmosfera batean murgildurik, berak 'irreal eta poetiko' gisa definitzen duena".

Irailaren 16tik 30era arte egongo da erakusketa kultur Etxean. 18:30etik 20:30era bisitatu ahal izango da, astelehenetik zapatura.

2022 09 13 javier campano arg erakusketa ongarri b1