'Milia Lasturko' abestiaren bideoklipa kaleratu du Maraca Diablok

Barren.eus 2022ko ira. 13a, 15:56

Maraca Diablok apirilean aurkeztu zuen disko berriko abestietako bat da 'Milia Lasturko', eta abestiaren bideoklipa kaleratu dute orain. XV. mendeko euskarazko eresia edo hileta-kanta bat da Milia Lasturko, eta bertatik hartu dituzte hitzak Maraca Diablokoek. Emakumeen ahotsean dago kantatua.

Soraia Urbieta, Elena Zubiaurre eta Anita Perez mendaroarrek jarri diete ahotsa 'Milia Lasturko' kantari, eta eurak dira Lasturren eta inguruetan grabatutako bideoklipeko protagonista nagusiak ere. Alberto Tobio eta Maddi Iriondo dira bideoklipean ageri diren beste bi lagunak. Ina Iriondo taldekideak zuzendu du bideoklipa eta The Death Team arduratu da ekoizpenaz.

Milia Lasturkoren eresia, egile ezezagunekoa, Esteban Garibai arrasatearrak 'Memorias' bere liburuan jaso zuen (1584). Eresiak honek bizkaierazko forma zaharrak agertzen ditu. Benito Lertxundik Josquin Desprez musikariaren Mille Regretz doinuaz kantatu ohi zuen bere taldearekin, a capella, nahiz eta inoiz ez zuen disko batean grabatu. Bai ordea, errezitatu, doinuaren laguntzaz.

Erdi Aroko eresiak edo hileta-kantak guda aristokraziaren uzta dira. Nahiz eta kalitate onekoak eta ohitura zaharrekoak izan, gutxi mantendu
dira ahozko tradizioaren gaiak mendez mende aldatuz joan direla-eta, XVI-XVII. mendeetako Garibai bezalako lehen biltzaileak bakarrik interesatu baitziren horrelako batzuen zatiak biltzen. Kantariak beti emakumeak ziren: hemen zenduaren ahizpak hasi, Peru Garzia senarraren arrebak bi estrofatan jarraitu eta berriro zenduaren ahizpak bukatzen du. Informazio osoagoa wikipedian eta Itxaro Bordak Argian idatzitako Milia Lasturkoaren itzala artikuluan duzue.

Ikus hemen Milia Lasturkoren bideoklipa:

∞Lotura duten albisteak: