Mendaroko aire libreko margo lehiaketa egingo dute irailaren 17an

Barren.eus 2022ko ira. 12a, 09:53

Mendaroko herria izango da Mendaroko 27. aire libreko margo lehiaketarako gaia. Zapatu honetan, irailaren 17an, egingo dute eta edonork har dezake parte, gazte zein helduek.

Teknika, formatua eta euskarria libreak izango dira. Goñati pilotalekuan egingo da lanen zigilatzea, 8:30etik 11:00etara. Euskarriei dagokienez, lanerako prest eraman daitezke, baina ez da onartuko marrazki edo zirriborrorik. Lanak bertan aurkeztuko dira 13:00etatik 14:00etara. Sari banaketa ekitaldia 14:30ean egingo dute Goñatin.

Aire libreko margo lehiaketan umeek ere parte har dezakete, nagusientzako baldintza berdinetan. Bi maila egongo dira, A maila HH2tik LH2ra eta B maila LH3tik DBH3ra.

Lau sari banatuko dituzte, eta lehenengo bi postuetako margolanak udalarentzat izango dira. Lehen saria 700 eurokoa izango da, bigarrena 500 eurokoa eta hirugarrena eta laugarrena 300 eurokoak. Laugarren saria herritarrentzako saria izango da, 300 eurokoa, eta margolan hori izango da herritarren artean egongo duten zozketarako saria. 14 urtetik beherakoentzako parte hartzaile guztiei banatuko diete oroigarri bana eta adin tarte bakoitzeko lan bat sarituko dute. Margotzeko materiala jasoko dute epaimahaiak aukeratutako bi lan onenek.
Erakusketa egingo da aukeratutako lanekin eta Lagun Betikoenean egongo dira ikusgai, urriaren 1-2-8 eta 9an, 12:00tatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Erakusketaren ondoren, lanak jasotzeko azken eguna azaroaren 30a izango da.

∞Lotura duten albisteak: