'El Drogas' Elgoibarrera etorriko da azaroan

Barren.eus 2022ko ira. 12a, 08:08

Datozen lau hilabeteetarako kultur gida ezagutzera eman du Elgoibarko Udalak, eta beste hainbat ekitaldiren artean jakinarazi du El Drogasek kontzertua emango duela azaroan, Elgoibarren.

Barricada taldearen 40. urteurreneko bira egiten ari da Enrique Villarreal Armendáriz "El Drogas" abeslaria, eta azaroaren 25ean iritsiko da Herriko Antzokira. Era berean, Jon Gurrutxaga eta Patxi Zabaletak osatzen duten Bikustik taldeak ere kontzertua emango du Herriko Antzokian, urriaren 28an. Musikaz gain, umeentzako zein helduentzako antzerkiak ere programatu dituzte. Urriaren 21ean, esaterako, Sexberdinak antzezlana taularatuko dute Telmo Iruretak eta Aitziber Garmendiak. Azaroan, berriz, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana ekarriko dute Kamikaz kolektiboak eta Ttak teatroak, eta abenduan, berriz, Rebelión en la granja antzerkia taularatuko du Bilboko Alopargo Teatroak. Talde honetan Aitor Guisasola aktore elgoibartarrak ere parte hartzen du.

Umeentzako saioen artean, Munduari bira 80 egunean izango da urrian, eta Piztu, azaroan. Zinea ere ez da faltako. Datorren astean hasiko da, esaterako, Iñaki Agirre Zinemaldia. Ongarrik antolatuta, lau film emango dituzte, irailaren 15etik 26ra bitartean.