Zabalik dago ‘Bota literak!’ idazle gazteen klubean izena emateko epea

Barren.eus 2022ko ira. 2a, 13:44

‘Bota literak!’ Elgoibarko idazle gazteen klubaren bigarren ikasturtean izena emateko epea zabaldu du Udalak.

Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak, Jasone Osoro idazlearekin elkarlanean, ‘Bota literak!’ idazle gazteen kluba jarri zuen abian joan den ikasturtean eta 22/23an ere jarraipena izango du. Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik gorako ikasleei zuzendutako ekimena da: LH6, DBH, Batxilergoa eta Erdi mailako Lanbide Heziketa.

Sustatzaileek azaldu dutenez, helburu didaktikoa izango du ekimen honek, eta asmoa da astean behin elkartzea, printzipioz, bariku arratsaldetan. Ordu eta erdiko saioak izango dira, eta Jasone Osoro idazle elgoibartarra izango da saioen gidaria.

Testu bat idazteari buruzko argibideak emango dituzte aipaturiko saioetan, baina, era berean, oso saio praktikoak izango direla zehaztu dute. Irakurtzea eta idaztea gustuko dutenak animatu nahi ditu Udalak, eta bide batez, herriko gazteei adierazi nahi die trebetasun hori lantzeaz gain, zaletasun berbera duen jendea ezagutzeko aukera ezin hobea izango dutela ‘Bota literak!’ klubean.

  • Noiz: Saioak ostiral arratsaldetan izango dira, 17:00etatik 18:30etara arte, irailaren 23an hasi eta maiatzaren 26ra arte.
  • Non: Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian.
  • Norentzako: Idaztea eta irakurtzea gustuko duten LH6tik gorako ikasleei: LH6, DBH, Batxilergoa eta Erdi mailako Lanbide Heziketa.
  • Koordinatzailea eta saioen gidaria: Jasone Osoro Igartua, idazle elgoibartarra. Jasone Osoro. Informazio zientzietan lizentziaduna da, eta Bartzelonan Zine Gidoigintzari buruzko gradu-ostekoa egin zuen. Kazetari lanetan aritu izan da, eta telebistan ere erredaktore, gidoilari eta kolaboratzaile lanetan. Gaur egun idazle profesionala da eta literatura sorkuntzako formakuntzak ere ematen ditu.

 • Izena emateko:

  • Elgoibarko Udalaren Euskara Saila (Aita Agirre kulturgunea, 1.solairua, ezk.)
  • Telefono zenbakia (943 744 366) eta e-posta (euskara@elgoibar.eus)
  • Izena emateko azken eguna: Irailak 19