Asier Gozategi: “Plazak dantzan jartzea da gure zeregina”

Barren.eus 2022ko abu. 21a, 18:15

San Bartolome bezpera egunean joko du Gozategi taldeak Kalegoen plazan. 2018an atera zuten G puntua izeneko diskoa, eta plazetan aurkezten hasi zirenean, pandemia iritsi zen. Bi urte egon dira ia geldirik.

Formatu akustikoan eman zituzten emanaldi batzuk, publikoa eserita eta musukoa jantzita, baina hori ez da Gozategiren esentzia. Plazak dantzan jartzea dute gustuko, eta horretara etorriko dira Elgoibarrera ere. 30 urte darama taldeak oholtzan, eta ibilbide horretako abestiak joko dituzte, hasierako etapakoak eta berriak. 23:00etan izango da kontzertua, abuztuaren 23an.

 • 30 urteren ondoren, oholtzan jarraitzen duzue. Ezin dute hori esan talde askok. Zein da zuen sekretua?
Atzera begira jartzen naizenean iruditzen zait oraindik hasiberriak garela. Baina gu aurrera begira jartzen gara, eta urteak betetzen goaz. 25. urteurrena bete genuen, eta horrelako zenbaki borobilak beti dira poztekoak, baina lan honetan urterokoari begiratu behar zaio. Urtez urtekoa egiten dugu, eta aurrera. Bi urteko etenaldiaren ostean martxan gaude berriz, ilusioz eta indarberrituta. Konfi namenduan egin ditugu gauzatxo batzuk, baina gure musika ez da jendeak eserita entzuteko. Gure lanak plazetan hartzen du zentzua, eta orain itzuli garela, oso gustura gaude. Gu, gustura, eta publikoa ere bai; beraz, hori ikusita, gu are gusturoago.

 • Trikitia eta pop doinuak fusionatzen lehenengotarikoak izan zineten. 30 urteren ondoren funtzionatzen du formula horrek?
Baietz esango nuke, formula horrekin plazak betetzen jarraitzen dugulako. Guretzako ohorea da plazak horrela ikustea. Belaunaldi desberdinetako jendea biltzen da gure kontzertuetan, eta hori ikustea deskribaezina da. Gaztetxoak beraiek jaio baino lehenagoko abestiak kantatzen eta aldi berean guraso eta aiton-amonak kalejirak egiten gozatzen ikustea sekulakoa da.

 • Nola eboluzionatu du Gozategi taldeak 30 urte hauetan?
Hasierako urteetako arrakastaren ondoren atera genituen beste bi disko, eta 2000. urte inguruan eten txiki bat egin genuen, Ainhoa eta Iñigo taldekideak guraso izan zirelako. 2010ean atera genuen gero beste disko bat, eta horrela jarraitu genuen urtetik urterako lanarekin. Oholtzara igotzen gara, publikoa errespetatuz eta kontzertu batetik bestera hobetu beharrekoak ikasiz. Horrela hasi ginen, eta horrela jarraitzen dugu.

2022 08 23 gozategi

 • Plazan orain dela 30 urteko abestiak ere joten dituzue. Gaur egungo egoera sozial eta politikoan ba al dute lekurik kanta haiek?
Zoritxarrez, bai. Gai batzuetan badirudi denbora ez dela pasatu, eta abestiak aztertzen jartzen garenean eguneratuta daudela iruditzen
zaigu. Gizarteak ez dakit zenbat eboluzionatu duen urte hauetan. Kanta berriak eta zaharrak joten ditugu, baina hasierako haiek dira publikoari gehien gustatzen zaizkionak. Adin batekoei gustatzen zaizkie oroitzapen politak ekartzen dizkietelako, eta gazteek orain deskubritu dituzten arren, ondo kantatzen dituzte. Abesti zaharrekin, denok gustura. Gu horrek betetzen gaitu gehien, belaunaldi desberdinetako jendea elkarrekin dantzan ikusteak.

 • Zer eskainiko duzue Elgoibarko kontzertuan?
2018an atera genuen gure azken diskoa, eta 2019ko uda pasatu genuen disko horrekin emanaldiak egiten. Gero pandemia etorri zen, eta
bi urte kendu zizkigun. Beraz, disko hori oraindik ondo aurkezteko daukagu. Azken diskoko kantak eta hasierako abesti zaharrak joko ditugu. Azken batean gure zeregina plazak dantzan jartzea da, eta horretara joango gara Elgoibarrera ere.

 • Nola bizi izan dituzue pandemiako bi urteak?
Gogorrak izan dira. Beste sektore askotan bezala, musikan ere une gogorrak pasatu ditugu. Eta gu talde bat gara bakarrik, baina gu bezala
asko daude, eta talde hauen atzean langile asko: teknikariak, programatzaileak... logistika handia behar izaten dugu eta jende askok egiten du lan sektore honetan. Pandemiaren ondorioz horietako askok beste zeregin batzuk topatu behar izan dituzte bizirauteko, eta orain, egoerak hobera egin duenean, musika eta kultur ekitaldiak berriz hasi direnean mugitzen, nahiko zailtasun izan dira teknikari eta horrelakoak bilatzeko.