Donostiatik irten gabe munduari bira emateko ekimena proposatu du Patxi Galarragak

Barren.eus 2016ko urt. 21a, 21:25

Mendaron bizi den Patxi Galarraga arkitekto eta hirigileak munduari bira eman nahi dio 84 egunean, baina Donostiatik irten gabe. Ez da bere buruari jarritako erronka, “erronka kolektibo bat” baizik. Egitasmo honek Donostia 2016 Fundazioak antolatutako lehiaketa irabazi du.

Donostia 2016 Fundazioak Hiriburutza-urtearen inaugurazio-egitaraua herritarren ekimenekin osatzeko helburuarekin urrian martxan jarri zuen deialdi berezi bikoitzean aukeratu zuten Patxi Galarragak aurkeztutako ‘Hiribiltzen’ izeneko proiektua. Hamaika egitasmo aukeratu zituzten eta Galarragarenak jaso zuen diru-laguntza nagusia, 20.160 eurokoa. Mendaroko arkitektoak talde-erronka itxura duen esperientzia bat aurkeztu zuen: apirilaren 6a eta ekainaren 29a arteko 84 egunetan (2.016 ordu) Donostiatik irten gabe munduari bira ematea, “ezberdinek” osatutako bikote edo taldeek milaka ibilaldietan egindako distantziak batuz. Lurraren zirkunferentziak gutxi gorabehera 40.000 kilometro ditu, eta distantzia horixe da guztien artean egin nahi dutena. Hortik ekimenari eman dion izena: “Hiribiltzen. Munduari bira 84 egunetan”. 

Hiribiltzen ekimenaren helburu nagusiak bi dira. Batetik, herri eta hirietan konpainian egindako ibilaldiak nabarmentzea eta sustatzea, ongizate fisiko, emozional eta sozial iturri bezala. Eta bestetik, ezberdinen artean milaka topaketa, ibilaldi eta elkarrizketa eragitea.

2016 01 21 hiribiltzen planoa

Urtarrilaren 22tik 24ra probatuko dute ekimena

Erronka udaberrian hasiko bada ere, urtarrilaren 22tik 24ra bitartean probatuko dute. Barixaku honetan, zapatuan eta domekan Nautico ondoan elkartuko dira, 11:00etan. Guztira doako 200 txartel prestatu dituzte. Gainera, esperientzia probatu nahi dutenek egitasmoa hobetzeko proposamenak egiteko aukera izango dute. Herritar guztiek parte hartu ahal izango dute proiektu honetan; baldintza bat baino ez dute bete beharko: profil “ezberdineko” norbaitekin ibilaldi bat partekatzeko prest egotea. Parte hartuko duten bikoteek egindako distantzia gailu elektroniko bati esker neurtu ahal izango da. (informazio osoa eta izena emateko: hiribiltzen.wordpress.com)

Donostia 2016ko inaugurazio ekitaldi nagusia zapatuan, urtarrilaren 23an, egingo dute Maria Kristina zubiaren inguruan, 20:00etan.

•Hiribili-ren bertsio ludikoagoa
Patxi Galarragak antzerako ekimen bat ere badu martxan, Hiribili izenekoa, herri ibilbideen bidez osasuna hobetzeko proposamena dena. Donostian aurkeztu duen Hiribiltzen egitasmoa Hiribiliren bertsio ludikoagoa dela azaltzen du Hiribili egitasmoaren web gunean.

2016 01 21 patxi galarraga