Elgoibar, Bilbo, Txantrea eta Bergarako 30 bat erraldoik hartuko dute parte biharko topaketan

Barren.eus 2022ko mai. 27a, 11:22

Mauxitxak, dultzaineroek eta Elgoibarko, Bilboko, Txantreako eta Bergarako erraldoiek (guztira 25-30 bat erraldoi) bat egingo dute zapatuan Elgoibarko kaleetan. Egun osorako egitaraua izango du erraldoien topaketak.

Mauxitxa Txaranga 1970. urteko Txiki Egunean irten zen estreinakoz kalera, eta beraz, 2019an jo zuen 50. aldiz San Bartolome jaietan. '50 Txiki Elkarrekin' lemapean prestatu zuten urteurrena, eta 2019ko Txiki Egunean hasi zuten egitaraua. 2020 urte osorako prestatu zituzten ekintzak, eta tartean, erraldoien topaketa egitea ere aurreikusi zuten, urte hartako Trinitate jaien bueltan. Alabaina, koronabirusaren pandemia iritsi zen, eta dena bertan behera geratu zen hartan, Mauxitxak ere ezin izan zuen 50. urteurrena osotasunean ospatu.

Bi urte pasatu dira ordutik, eta ekintza batzuk egingo ez badituzte ere, erraldoien topaketa egitea erabaki dute; bihar izango da. Antolatzaile lanetan Elgoibarko dultzaineroak ere sartu dira, izan ere, aurten bete dituzte 50 urte herriko dultzaineroek, eta festara batu dira. Bihar beraz, Mauxitxak, dultzaineroek eta erraldoiek bat egingo dute Elgoibarko kaleetan.
 • Egun osoko egitaraua
Elgoibarko erraldoiekin batera, Bilboko (Ondalan), Bergarako eta Txantreako erraldoien konpartsak ikusteko aukera izango da, eta guztira 25-30 bat erraldoi batuko dira. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta goizean goizetik jai-giroa izango da herriko kaleetan.

  • Mauxitxa txarangak diana joko du 10:00etatik aurrera, eta eguerdian erraldoien erakusketa egingo dute Kalegoen plazan.
  • Ondoren, konpartsetako partaide guztiek elkarrekin bazkalduko dute elizako arkupeetan. 120 bat lagun bilduko dira guztira. Mauxitxa txarangako beteranoei ere egin diete bazkaritarako gonbitea, eta hasierako taldeko 15 bat lagunek baieztatu dute agertuko direla.
  • Arratsaldean jarraituko du festak: 17:30ean erraldoien kalejira egingo dute. Elgoibarko erraldoiak Mauxitxa txarangarekin joango dira konpartsa erraldoiaren aurrean, dultzaineroak Bergarako konpartsarekin eta Bilboko eta Txantreako konpartsek beraien musikariak eramango dituzte.

Ilusioz daude antolatzaileak, eta baita herritarrak ere. Bi urtez ekitaldiak bertan behera laga behar izan dituzte koronabirusagatik eta herria festa gosez dago. Erraldoi eta buruhandiek jai-giroa pizten dute, joan den apirilaren 30ean Elgoibarren egin zuten kalejiran argi gelditu zen moduan, eta bihar ere ez dute hutsik egingo.

2022 05 27 Erraldoi buruhandiak txantrea konpartsa

2022 05 27 bergarako erraldoi konpartsa02

2022 05 27 ondalan bilbo konpartsa

Joan den apirilaren 30ean irten ziren kalera estreinakoz Elgoibarko lau buruhandi berriak: