Katalunian fenomeno bilakatu den 'Alcarràs' filma emango dute Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2022ko mai. 18a, 16:33

Katalanez filmatutako Carla Simon zinemagilearen (Bartzelona, 1986) 'Alcarràs' filma ikusteko aukera izango da asteburuan Elgoibarko Herriko Antzokian. Lleidako nekazarien egunerokoa erakusten duen pelikula hau fenomenoa bilakatu da Lleidako herri txiki askotan sortu duen ikusminagatik.

Urte luzez itxita egon diren zinemak berriro zabaldu dituzte Lleidako herri txiki askotan eta urtetan zinemara joan gabeko lagunak joan dira berriro zinema aretoetara, "Ocho apellidos Vascos" filmarekin orain dela urte batzuek gertatu zen antzera. Kataluniako mugetatik kanpo ere izan du oihartzuna eta arrakasta 'Alcarràs' filmak, Berlineko zinemaldiaren sari nagusia, Urrezko Hartza, eskuratu baitzuen. Carla Simon zinemagilearen bigarren filma da honakoa eta bere lehenengo lana ere saritu zuten Berlinalean. Opera prima onenaren saria irabazi zuen 2017ko Berlinalen, 'Estiu 1993' filmarengatik orduan, hura ere katalanez filmatua.

Katalunian egindako drama generoko filma da 'Alcarras', eta kritika onak jaso ditu estreinatu zenetik. Kataluniako landa guneko herri bat da Alcarràs, eta hango nekazari familia bati buruzkoa da filma. Honako hau da filmaren sinopsia: "Aitonak hitz egiteari utzi dio, baina Sole familiako inork ez daki zergatik. Uda guztietan bezala, Alcarrasen, Kataluniako herri txiki batean, familiak mertxikondo ugari landatzen ditu. 80 urte lur bera lantzen eman ondoren, Sola familia elkartu egiten da bere azken uzta elkarrekin egiteko".

Carla Simonek zuzendutako lana zapatuan, domekan eta astelehenean emango dute Elgoibarko Herriko Antzokian. Hona ordutegiak:

  • ALCARRÁS: larunbata 21 (19:00 eta 22:15), igandea 22 (19:00) eta astelehena 23 (21:00).


Sarrera arrunta 6 €. Gazte-txartelarekin: 3 €. Astelehena ikuslearen eguna: sarrera 4 €. Ez dira bonuak zigilatuko.