Poloniako argi kutxak Europako kultur hiriburutik Elgoibarrera

Barren.eus 2016ko urt. 15a, 07:18

Elgoibarko Herri Eskolako ikasleek Anna Nosowicz artista poloniarrarekin batera sortu dituzten artelanen erakusketaren irekiera ekitaldia egingo dute gaur (urtarrilak 15), Kalegoen plazan. Donostia Europako Kultur Hiriburu izango da 2016an eta horren baitako proiektu bat da Poloniako argiak izenekoa.

Anna Nosowicz artistak Elgoibarko Herri Eskolako ikasleekin garatu du Poloniako argiak proiektua eta emaitza Kalegoen plazako arkupeetan ikusi ahal izango da urtarrilaren 15etik 22ra bitartean. Gaur, hilak 15, egingo dute erakusketaren inaugurazio ekitaldia, 19:00etan. Plastikoa birziklatuz koloretako argi-kutxak egin dituzte. Elgoibarko hainbat haur eta gaztetxok herriko pertsonen erretratu abstraktuak egin dituzte eta guztiak batuz herria bera islatu dute. Kalegoenen, beraz, Elgoibarko herritarren erretratuak kolore eta argiekin eginak egongo dira. Argi horiek islatuko dute nola ikusten dituzten eskolako umeek herria eta herritarrak.

2016 01 14 poloniako argiak annanosowisz

Donostia eta Poloniako Wroclaw hiriak izango dira Europako Kultur Hiriburu 2016an. Iaz, urrian, Joan-Etorriak izeneko truke programa baten bitartez Donostia bizileku artistikotzat hartu zuen Nosowiczek eta Polonian umeekin lan egiten duenez proiektu honen zati bat ikasleekin tailerrak egitea da. Portetry/Portraits/Retratos proiektua gauzatu zuen, Donostiaren erretratu propioa osatzeko: hainbat donostiarrekin izandako elkarrizketa pertsonaletan oinarrituta, argi-kutxak sortu zituen teknika berezi baten bidez, plastiko birziklatuzko poltsak erabiliz.

Prozesu horretan, Anna Elgoibarko Herri Eskolako lehen hezkuntzako ikasgela bateko ikasleekin izan zen; ikasleok, teknika ikasi ostean, zortzi argi-kutxa sortu zituzten beren kabuz. Kutxa horiek Donostian jarri zituzten erakusgai urri bukaeran, artistak berak egindako lanekin batera. 

Esperientzia horren ondoren, Elgoibarko Herri Eskolak Elgoibarrera ekarri du erakusketa. Hori horrela, Anna Nosowiczek emandako eskolan izan ziren ikasleek gainerako ikaskideei erakutsi diete ikasitako teknika, eta beste hogeita hamar argi-kutxa sortu dituzte.

2016 01 14 poloniako argiak ikasleekin

2016 01 14 poloniako argiak1