‘Mozkorra Parregarri’ opera komikoa Elgoibarko Herriko Antzokian, barixakuan

Barren.eus 2016ko urt. 13a, 21:10

Peñafloridako Kondeak orain dela 250 urte idatzi zuen Mozkorra Parregarri, euskara hutsean idatzitako lehen opera. Bergarako askotariko musikarik eta artistek operaren moldaketa egin zuten eta iazko martxoaren 14an estreinatu zuten Bergaran. Barixaku honetan, Elgoibarren ikusteko aukera izango da.

Xabier Maria Munibek, Peñafloridako Kondeak 1764 urtean estreinatu zuen Mozkorra Parregarri opera komikoa, Bergarako Udaletxeko Areto Nagusian. Gertakari honen 250. urteurrena ospatzeko Bergarako hainbat artistak euskaraz kantatutako historiako lehen operaren moldaketa prestatu zuten, eta joan den martxoaren 14an estreinatu zuten Bergarako Udaletxeko Areto Nagusian, duela 250 urte egin zuten moduan.

Barixaku honetan, urtarrilaren 15ean, Elgoibarko Herriko Antzokian eskainiko dute operaren saio bat, 20:30ean. Sarrerak 10 euroan eskuratu daitezke (7 euro Gazte Txartela dutenek). Sarrerak ticket.kutxabank.es-en, Kultur Etxean eta Herriko Antzokiko leihatilan (ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenagotik) eskuratu daitezke.

•Opera Komikoa

"Opera Comica" bezala izendatu zuen Peñafloridako Kondeak bere lana. Euskaraz kantatua izateko konposatutako lehenengo opera izan zen. Elkarrizketak gazteleraz zituen eta abestiak euskaraz. Moldaketaz arduratu diren bergararrek eskaintzen dutena zera da: "istorio bat musikaz, kantuaz, antzezlanaz eta dantzaz osatuta, den-dena zuzenean eta umorez ornituta". Txemi Etxebarria musikari bergararrak egin du obra osoaren orkeztazioa.

  • Lehenengo ekitaldia: Txanton Garrote mozkor damugabea bere lagun Martintxoren zapata-dendan sartuko da eta bertan geratuko da mozkorra pasatzera. Halako batean bere emazte Maritxo sartuko da, eztabaida sutsuan izan eta gero Maritxok senarrik gabe alde egingo du.
  • Bigarren ekitaldia: Txanton lo dago egongelan jantzi dioten arropa dotoreekin. Txundituta esnatuko da jasandako aldaketarekin. Gertatzen ari zenari susmo txarra hartzen hasitakoan on Pedrok eta on Diegok urdaiazpiko eder bat eskainiz Trapisondako markesa dela sinestaraziko diote. Azkenean, pertsonaia guztiek istorioaren onbiderako amaiera jai giroan ospatuko dute. (informazio osoagoa: pikupe.com)