Kalegoengo San Bartolome elizaren 300. urteurrena ospatzeko urte guztirako egitasmoa prestatu dute

Barren.eus 2016ko urt. 12a, 15:12

Eliztarrentzat urte seinalatua izango da 2016a Elgoibarren, bi data esanguratsu ospatzeko urte guztirako egitaraua prestatu baitu Elgoibarko parrokiak, Elgoibarko Udalarekin eta herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Batetik, Kalegoengo San Bartolome parrokian lehen meza eskaini zutela 300 urte beteko dira abenduaren 30ean. Bestetik, San Frantzisko komentu ohiaren fundazioaren 500. urteurrena izango da azaroaren 3an. (egitaraua dauka)

Bi urteurrenak ospatzeko kultura zein erlijio ekintzez osatutako egitaraua prestatu du Elgoibarko Parrokiak, besteak beste, hitzaldiak, bisita gidatuak, mendi irteerak, kontzertuak eta erakusketak antolatu dituzte, urtarriletik abendura bitartean. Egitasmoa aurkezteko prentsaurrekoa eskaini zuten atzo eta ospakizunen bizkarrezurra izango dena aurreratu zuten. Gero, ekintza bakoitza gerturatu ahala, xehetasun gehiago emango dituztela jakinarazi zuten. 

Elgoibarko Udalaren, Musika eta Dantza Fundazioaren (EMUDAFE), Inazio Bereziartua Musika Eskolaren, Altzolatarren Dorretxea elkartearen, Morkaiko mendizale taldearen, Hydrolurren eta Txarriduna hotel-jatetxearen laguntza jaso du oraingoz urteurrenak ospatzeko sortutako lantaldeak.

•300 urteko eliza

2016 01 12 parrokia 1953 i ojanguren1776 urtera arte San Bartolome izeneko bi eliza egon ziren Elgoibarren. Gaur egun hilerriko sarrera den arku zorrotza garai bateko Olasoko San Bartolome eliza zaharretik geratzen den hondarra da. Olasoko San Bartolome eliza herriko parrokia izan zen. Portikoa bera 1459. urtean eraiki zuen Martin Sanchok, sarrerako arkupean irakur daitekeen inskripzioaren arabera. Alabaina, XIII. mende erdialderako bazela eliza bat Olason dio Pello Arrietak, “botere eta aberastasun handiak izan zituzten Olasoko jaunak 1330 aurretik ere hor zeuden-eta”. 

Olasotarrek parrokia lekuz aldatu nahi ez zuten arren, Olasoko parrokia harresien artera ekartzeko erabakia hartu zuten, gehiengoz, 1604. urtean egindako udal bilera batean. Hala, parrokia Kalegoen plazan jartzeko Felipe III erregearen baimena jaso zuten, 1617ko urtarrilaren 23an. 2.000 biztanle inguru zituen Elgoibarrek garai hartan. Kalegoengo San Bartolome eliza egiteko lanak 1646an hasi zituzten, Juan Martinez Agirre arkitekto azkoitiarraren aginduetara. Eraikuntza lanek urte asko iraun zuten, eta lanek irauten zuten bitartean behin behineko ermita bat jarri zuten martxan gaur eliza dagoen leku berean. Eliza bera 1716an inauguratu zuten. Antonio de Orcasitas y Avellaneda Apezpikuari zegokion eliza inauguratzea, baina Calahorratik Elgoibarrera etortzeko bide luzeegia zegoela-eta, Antonio Etxezabal Eibarko bikarioak eskaini zuen estreinako meza 1716ko abenduaren 30ean. 

•San Frantzisko komentua

San Frantzisko komentuaren arrastorik geratzen ez bada ere, 1516tik 1891ra bitartean egon zen Kalebarrenen. Komentuko parte zen San Frantzisko eliza {beheko argazkian}, baina, XX. mendera arte ez zuten eraitsi, 1924ra arte, hain justu ere. 

2016 01 12 san frantzisko eliza 1945 ojanguren

EGITARAUA

  • Urtarrilaren 16tik 24ra XXXVI. Zigilu erakusketa Kalegoengo San Bartolome parrokiaren 300. urteurrenari eskainia izango da. 
  • Otsailak 8 "Dialogo interreligioso-intercultural" izeneko hitzaldia eskainiko du Mikel Larburuk.
  • Apirilak 11 Laudato Si Entziklika. Teialtu berak estaltzen gaitu" izeneko hitzaldia emango du Inma Mugertza hidrogeologoak.
  • Maiatzak 16 "Hablame de Dios amama" izeneko hitzaldia eskainiko du Martxel Andrinuak. 
  • Maiatzak 20  Aita Donosti abesbatzaren kontzertua
  • Ekainak 4 San Bartolome parrokiara bisita gidatua.
  • Uztailak 2 San bartolome parrokiara bisita gidatua.
  • Abuztuak 24 San Bartolome apostoluaren jaia.
  • Irailak 3 San Bartolome parrokiara bisita gidatua.
  • Irailean Elgoibarko elizak eta ermitak ezagutzeko mendi ibilbidea Morkaikorekin elkarlanean. Pello Arrieta, Benantxio Otaegi eta Inma Mugertzak gidatuta.
  • Urriak 1 San Bartolome parrokiara bisita gidatua.
  • Urriak 10 "2016… tenemos algo bueno que contar" izeneko hitzaldia enmango du Xabier Gomezek.
  • Azaroak 3 San Frantzizko komentuaren fundazioaren eguna ospatzeko mahai-ingurua. Frantziskotarren historia Euskal Herrian eta Elgoibarren gaiaren inguruan berba egingo dute Joseba Intxaustik, Jabier Elorzak, Koldo Lizarraldek eta Pello Arrietak. 
  • Azaroak 5 San Bartolome parrokiara bisita gidatua.
  • Azaroak 14 "Los laicos y e futuro de la iglesia" hitzaldia Jesus Martinez Gordo Teologia katedradunaren eskutik. 
  • Abenduak 3 San Bartolome parrokiara bisita gidatua.
  • Abenduak 15 Liburuaren aurkezpena. Pello Arrietak eta Javier Elorzak "San Bartolome parrokia (Olaso eta Kalegoen) eta San Frantzisko komentua" izeneko liburua aurkeztuko dute.
  • Abenduaren 19tik 2017ko urtarrilaren 17ra bitartean Elgoibako arte erlijiosoari buruzko erakusketa izango da ikusgai parrokian.
  • Abenduak 29 Kontzertua. Musbika taldeak XVIII. mendeko musika emanaldia eskainiko du.
  • Abenduak 30 Kalegoengo San Bartolome parrokian lehen meza ospatu zen egunetik 300 urte pasa direla gogora ekarriko dute meza nagusi berezi batean.