Zinegoak jaialdiko sei film labur eta dokumental emango dituzte Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2022ko mai. 2a, 14:23

Bilboko LGTBI Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko (Zinegoak) sei film labur eta dokumental bat ikusteko aukera izango da Elgoibarren, maiatzaren 4an eta 11n.

Elgoibarko Udalak eta Ongarri Zine Klubak bat egin dute Zinegoak jaialdiarekin, eta Bilbon ikusteko aukera egon den lan ugari proiektatuko dituzte Elgoibarko Herriko Antzokian. Maiatzaren 4an sei laburmetraia emango dituzte, eta maiatzaren 11n, berriz, ‘Nos corps sont vos champs de bataille’ dokumentala. Emanaldi biak 21:00etan izango dira, debalde.

 • Maiatzaren 4an, sei laburmetraia ikusgai

1)  LES FILLES NE MARCHENT PAS SEULES LA NUIT
Zuzendaria: Katerine Martineau . Kanada | 2020 | 17’ | Fik | J.B. frantsesez, azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
Institutuko gaueko graduazio-festa baten ondotik, Chantal eta Delphine bakarrik abiatuko dira etxerantz, oinez, iluntasunean. Basoan galdurik, hutsegitez eta existitzeko desira geldiezin batez blaituta egongo da haien gau-ibilbide luzea.

2) ELSA
Zuzendaria: Albert Carbo . Espainia | 2021 | 12’ | Fik | J.B. katalanez, azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
Elsak 6 urte ditu, eta, bere adineko beste edozein haurrek bezala, zoriontsu eta aske bizi nahi du. Badaki gehiengoaren aldean desberdina dela, baina, gaztetxoa izan arren, gauzak garbi ditu: badaki neska bat dela eta badaki bere bizitzako erregina dela. Nork jarriko du hori zalantzan?

3) 17 MINUTOS CON NORA
Zuzendaria: Imanol Ruiz de Lara. Espainia | 2021 | 19’ | Fik | J.B. gaztelaniaz.
Nora urduri dago, institutuko antzezlan batean parte hartuko baitu biharamunean, baina, ikaskideek etxeko atarian botatzen dizkioten irainen ondorioz, egoera are garrantzitsuago bati aurre egin beharko dio: aitak bera den bezalakoa onartzea. Hurrengo 17 minutuetan, haien arteko harremana betiko aldatuko da.

4) NO DEBERIAS
Zuzendaria: Maider Garcia Merino. Euskadi | 2021 | 15’ | Fik | J.B. gaztelaniaz.
Iratxek 21 urte ditu, eta unibertsitateko azken urtea amaitzen ari da. Neska-lagunarekin lehen urteurrena ospatu aurreko egunetan, espero ez zuen albiste bat ekarriko dio haurdunaldi-testak. Badaki lehenbailehen kontatu behar diola Norari, baina badaki halaber lur jota utziko duela. Azken batean, ez zen batere erraza izan erabakitzea sexua berresleitzeko ebakuntzarik ez egitea. Iratxek, izeko Raquelen eta adiskideen laguntzaz, dilema bati aurre egin beharko dio, eta kolokan jarriko zaio harremana. Zein ote irtenbidea? Noraren herrira joatea, gizartearen begiradatik urrun.

5) BERAK BALEKI
Zuzendaria: Aitor Gametxo. Euskadi | 2021 | 16’ | Fik | J.B. euskaraz, azpitituluak gaztelaniaz
Martinek ilusioz betetzen du egunero lan egiten duen platoa. Bere bizitza pertsonalean, berriz, hutsune handi bat sentitzen du.

6) TO THE FUTURE, WITH LOVE
Zuzendaria: Shaleece Haas. AEB | 2021 | 7’ | Ani | J.B. ingelesez, azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
Hunter «Pixel» Jimenez nerabe trans ez binarioa harrapatuta dago: batetik, leiala izan nahi du Guatemalako bere familia etorkinaren aurrean, eta, bestetik, bere ametsa bete nahi du, hau da, pozik eta aske bizitzea urrutiko mutil-lagunarekin 

2022 05 02 zinegoak sinopsiak

 • Maiatzaren 11n, dokumentala
NOS CORPS SONT VOS CHAMPS DE BATAILLE
ISABELLE SOLAS. Frantzia | 2021 | 100’ | Dok | J.B. gaztelaniaz, azpitituluak ingelesez.
Kontserbadurismo sakon baten eta aurrekaririk gabeko bulkada feminista baten artean zatitutako Argentina batean kokaturik, Claudiaren eta Violetaren ibilbide politikoan eta bizitza intimoan murgiltzen da film hau. Beren burua trabesti gisa identifikatzen duten bi emakume trans dira, eta erraietatik eta gorputzez dihardute borrokan indarkeria patriarkalaren aurka, beren adiskideekin batera. Hainbat borrokarekin gurutzaturiko iraultza baten erdigunean duten rolaz konbentziturik, mundu zaharrari erronka joz, buru- belarri dihardute orainaldi berri bat asmatzeko, maitatzeko eta bizirik jarraitzeko. Gutxitan esan da hain ozen eta hain: trans manifestu zirraragarri eta euforiaz betea.

2022 05 02 zinegoak dokumentala 01 ELGOIBAR 2