Ikasten ari diren herritarrentzat ikasteko gela bat zabaltzeko eskatu du Mendaroko EH Bilduk

Barren.eus 2022ko api. 29a, 13:42

Liburutegiak "umeentzako zerbitzu hutsa" izateari utzi eta eskaintza dibertsifikatzeko, aldaketak egitea beharrezko ikusten dute EHBildun eta hala jaso zuten hauteskunde-programan ere. Orain, eta gai horri lotuta, ikasteko "espazio egoki bat" antolatu beharra gehitu dute. "Eta egokia diogunean lekuaz eta ordutegiaz ari gara bereziki", zehaztu dute. Nabarmendu dute Mendaroko Udalak lokal desberdinak dauzkala funtzio hori betetzeko egokitu daitezkeenak, udaletxean bertan zein beste eraikinetan, eta "lehenbailehen" heldu behar zaiola gai horri. "Gela honen irekiera ordutegia ere, jakina, ikasleen beharretara egokitutakoa izan behar da ezinbestean; bai urtean zehar, eta nola ez, azterketa garaia hurbiltzen denean", jaso dute prentsa-oharrean. EHBilduren ustez, udal zerbitzu egokiak izatea urrats garrantzitsua litzateke familia askoren ongizaterako.