‘Mi hijo sólo camina un poco más lento’ antzezlana taularatuko du Elgoibarren Tanttaka konpainiak apirilaren 22an

Barren.eus 2022ko api. 13a, 13:16

Tanttaka antzerki konpainiak ‘Mi hijo sólo camina un poco más lento’ antzezlana emango du Elgoibarko Herriko Antzokian, datorren apirilaren 22an. Familiako kideen arteko harremanei buruzko antzezlana da.

Tanttaka konpainiakoek ‘Mi hijo sólo camina un poco más lento’ antzezlanaren gaztelerazko bertsioa emango dute Elgoibarren, apirilaren 22an, barikua, 19:00etan. Dagoeneko sarrerak salgai daude www.herrikoantzokia.eus webgunean zein Herriko Antzokiko leihatilan. 

Mia izeneko emakume bat da antzezlan honetako protagonista. Etxean lana besterik ez du egiten, eta bere deabruen aurka borrokatzen du, familiako hainbat kide zaintzen dituen bitartean: gurasoak, senarra, alaba eta Branko semea. Azken horrek mugikortasuna pixkanaka garalazten dion gaixotasun bat du, eta 25 urte bete dituen egunean, familiak festa bat prestatu dio.
Istorio hau Balkanetatik dator, Ivor Martinic dramaturgo kroaziarrak idatzi baitzuen, eta hainbat sari jaso ditu bizitzako gai garrantzitsuak umorez eta zintzotasunez lantzeagatik. Itzulpena Aizpea Goenagak egin du, eta Fernando Bernuesek zuzendu du Tanttaka Teatro konpainiaren ekoizpena. Hainbat belaunalditako hamar euskal aktorek osatzen dute antzeztaldea, bost gizonek eta bost emakumek, besteak beste, Mireia Gabilondo, Ane Gabarain, Klara Badiola, Miren Arrieta, Jose Ramon Soroiz eta Martxelo Rubiok.

Tanttaka antzerki konpainiak joan den urtarrilean estreinatu zuen ekoizpen berri hau Bilboko Arriaga Antzokian. Bost urte behar izan dituzte taularatzeko, ekoizpen handia behar duen obra dela-eta.