Maraca Diablo, pandemiak biziz berritua

Barren.eus 2022ko api. 8a, 12:50

Izan da pandemiak sormena kamustu dionik, baina izan dira bestelakoak ere. Horixe da gaur Maraca Diablo osatzen dutenen kasua. Pandemia betean, itxialdiaren gogorrenean, sortutako piezekin eta gerora etorritakoekin ondu dute disko berria bost lagunek: Ina Iriondok (ahotsa, gitarra eta teklatuak), Josu Iriondok (baxua), Asier Etxanizek (gitarra eta ahotsa), Anita Perezek (ahotsa eta sintetizadorea) eta Rafa Furnierrek (bateria eta perkusioa).

‘Urtaroak’ aurrerapen kanta zabaldu dute, bai eta lehen aurkezpen bideoa ere, 'Dies Irae' abestiarena; eta, aurki, apirilaren 22an, dute aurkeztekoa disko berria.

“Maraca Diablo berri bat gara, baina oso barruan daramagu betiko Maraca Diablo”, jaso dute aurkezpen-kartan. Ina Iriondo musikari mendaroarraren proiektua da sortzez Maraca Diablo, Anita Perez bikotekidearekin batera 2003an sortutako Munlet proiektuarekin paraleloan ibili duena, baina pandemian talde-proiektua bihurtu dena. Atzean gelditu dira Maraca Diabloren bakarkako lanak: Hail Zigurat! (2012, Screaminguy Records) eta El Regreso del niño (2019, Screaminguy Records), baina ez haien esentzia. Baduelako haietatik ere berriak, “oinarria edo zutabe nagusia” Ina Iriondo bera duelako. Baina oraingoan ez dago bakarrik. Gehiago dira, eta bakoitzak bere erara astintzen ditu marakak, proiektuari ukitu berezia emanez. “Saiatu gara gauza landu bat egiten eta ikaragarri ondo pasatu dugu sortze-prozesuan. Talde-lana da hau, aspaldiko lagunekin ondutakoa eta igarri-igarrikoa da hori azken emaitzan”, nabarmendu du Ina Iriondok.

Garagardo baten bueltan elkartu gara Ina Iriondo, Josu Iriondo eta Rafa Furnierrekin, lagun talde honen beste proiektu batzuren hazia erne den taberna berean. “Gustatzen zait tea, baina garagardo batek beti sortzen du giroa musikaz hitz egiteko”. Eragin du konplize dituenen lehen barrea Inak, eta ekin dio kontaketari.

ERREPORTAJEA osorik BARREN aldizkariaren 1240. zenbakian -PDF-

*Argazkiak: Alessandra de Schmidt

2022 04 08 Maraca Diablo mendaro elgoibar arg Alessandra de Schmidt

2022 04 08 Maraca Diablo mendaro elgoibar arg Alessandra de Schmidt altzola

 ∞Lotura duten albisteak: