Ruben Irigoyen: “Bi baketa besapean nituela jaio nintzen”

Barren.eus 2022ko mar. 18a, 15:03

Ruben Irigoyen (Elgoibar, 1991) da Muzak taldeko bateria jotzailea. 2021ean sortu zuten taldea. 'Programaturik' izeneko diskoa kaleratu zuten iazko urrian, eta Gaztea Maketa Lehiaketako finalisten artean egon ziren. Orain bideoklipa grabatu dute, eta kontzertuak eskaintzen ari dira.

Bihar, esaterako, Mendaron joko dute Motxaila Egunean, eta gaur zortzi, Elgoibarren arituko dira, Kultur Etxeko Sotoan. Rock progresibo doinuak egiten dituzte, euskaraz.

 • Noiz eta nola sortu zenuten Muzak taldea?
Aspalditik ezagutzen nuen Joanes Iñurrieta, eta betidanik izan dugu elkarrekin talde bat sortzeko nahia, baina konpromisoak konpromiso ezinezkoa egiten zitzaigun horretarako denbora ateratzea. Dela ikasketengatik edo beste talde batzuetan aritzen ginelako, ez genuen guretzako tarterik hartzen. Nire kasuan, Jon Gurrutxagarekin Jon & Sugramas taldean, Aiumeen Basoan… nenbilen baina beti izaten du musikoak berea edo bere sentitzen duen taldea sortzeko gogoa, eta Joanes eta nire kasuan ere, arantza hori beti izan dugu. Hortaz, adin berekoak izan arren, eta musika estiloan ere bat egin arren, bataren eta bestearen konpromisoengatik gure arteko proiektuari ez genion formarik ematen, eta beti atzeratzen genuen. Halako baten erabaki genuen gure proiektua sortzea, eta justu orduan iritsi zitzaigun koronabirusaren pandemia. Beraz, esan daiteke Muzak taldea 2021ean sortua dela. Joanesek gitarra jotzen du, eta bera da taldeko abeslaria ere. Nik bateria jo eta koroak egiten ditut, eta Aitor Sagarmendi mutrikuarra da baxu jotzailea. Oso zaila egin zaigu baxu jotzailea aurkitzea, baina beste talde batetik ezagutzen nuen Sagar eta berarekin jarri nintzen harremanetan. Orduan ikasten ari zen, eta ikasketak eta musika uztartzea ez da erraza, baina ikasketak amaitu zituenean baiezkoa eman zigun.

 • Muzak izena jarri diozue taldeari. Zer esan nahi du?
Muzak marka erregistratua da. Estatu Batuetatik dator kontzeptua, eta igogailuetako musikarekin lotzen da. Han eraikin oso altuak daude, eta 80. pisura igotzeko, adibidez, denbora dexente pasa behar izaten zuten, munduak ikusten zituen lehen igogailu haietan. Denbora hori eramangarriago izateko musikarekin lotzen da Muzak, eta zerbait lortzeko helburuarekin sortutako musika dela ere esan daiteke. Adibide argiena, denda batera sartu eta han jartzen duten musika izan daiteke, musikaren erritmora jendeak gusturago erosi eta hurrengoan berriz bueltatzeko helburua izaten du. Gustatu egin zitzaigun hitz hori, soinu aldetik atsegina iruditu zitzaigun.

2022 03 18 muzak talde ruben irigoyen elgoibar

 • Zein estilotako musika egiten duzue?
Musika estilo asko eta desberdinak gustatzen zaizkigu. Joanesi, esaterako, rock alternatiboa gustatzen zaio, Sagar metaleroagoa da, eta niri biak gustatzen zaizkit. 11 urte nituela Iron Maiden eta Metallica deskubritu nituen, eta sekulakoa izan zen niretzat. Orain gehiago entzuten dut euskal musika. Bratislavan Erasmus programarekin egon nintzenean euskal musikaren falta sumatzen nuen. Berri Txarrak entzuten nuen etengabe han, eta handik itzuli nintzenetik, euskal taldeak jarraitzen ditut, bereziki. Kontzertuetara joatea asko gustatzen zait, oholtza gainean eta behean, berdin gozatzen dut. Goian egotea sekulakoa da, baina behean, musika ona entzutea, ere izugarri gustatzen zait.

 • Taldea sortu eta gutxira Gaztea Maketa Lehiaketan hartu zenuten parte.
Bai, parean tokatu zitzaigun. Kanta batzuk prest geneuzkan taldea sortzerako, eta probatzea erabaki genuen. Ez geneukan ezer galtzeko! Esperientzia moduan politena izango litzateke finalean jotzea eta hori ez genuen lortu, baina mundu horretan zer dagoen ikasteko balio izan digu esperientzia honek.

 • Lehenengo diskoa euskara hutsean egin duzue. Euskaraz abesteko hautua kontzienteki hartutakoa izan da?
Bai, gero eta argiago daukagu Euskal Herria izango dela gure eremua, eta ez zaigu burutik pasatzen euskara ez den beste hizkuntza batean abestea. Euskaraz bizi gara, euskal musika entzuten dugu eta euskararen presentzia behar dugu kantetan.

ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1237. zenbakian -PDF-

2022 03 18 muzak talde ruben irigoyen elgoibar txuribeltz