Motxaila Egunerako egitaraua prest dago

Barren.eus 2022ko mar. 14a, 14:14

Udaberriaren etorrera ospatuko dute Mendaron, martxoaren 19an egingo duten Motxaila Egunean. Motxaila elkartekoek prest dute egitaraua eta bazkarirako tiketak ere salgai dituzte.

Garai bateko Sasikopotzu ohitura zaharrari lotutako Motxaila Eguna egingo dute Mendaron berriro ere, azken bi urteetan egin gabe egon eta gero. Martxoaren 19an, larunbata, izango da. Egunaren harira antolatutako ekitaldiak, baina, bezperan hasiko dira, bariku iluntzean egingo duten Zerua Motxailen Aterpe bertso saioarekin. Punta puntako bertsolariak arituko dira bertsotan San Agustin kulturgunean: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Eli Pagola. Maialen Olazabal mendaroarra izango da gai-jartzailea.

 • Aitzbeltzeko kobaren istoria
Zapatuan, berriz, Aitz Beltz kobazulora egingo dute ibilaldia oinez. 9:00etan irtengo dira Gaztetxetik, eta hainbat ekintza egingo dituzte koban. Hasteko, Aitzbeltzeko kobraren istoria azalduko du Evaristo Rodriguezek, 11:00etan. Horrez gain, musika eta hamaiketakoa ere egingo dute Aitzbeltzen.
 • Bazkarirako tiketak salgai
Arratsaldean izango dute jarraipena ekitaldiek, Gaztetxean egingo duten bazkariarekin (15:00). Bazkarirako tiketak jadanik salgai daude 12 eurotan Lagun Betikoak tabernan. Salmorejoa, ijito potajea eta ijito besoa izango dira bazkaritarako eta ura sagardoa eta ardoa edateko, baita kafea ere. Umeentzako menua bost eurokoa izango da: makarroiak tomatearekin, ijito besoa eta ura. Martxoaren 16a da bazkarian izena emateko azken eguna.
 • Elektrotxaranga eta kontzertuak
Bazkalosterako ezusteko bat izango dela aurreratu dute, eta horren ostean, Ostikda elektrotxarangak girotuko du Motxaila Eguneko arratsaldea, 18:00etatik aurrera. Egunari amaiera emateko, Muzak eta Altxa Porru taldeek kontzertuak emango dituzte Gaztetxean, 22:00etatik aurrera.

2022 03 14 motxaila eguna mendaro egitaraua kartela

∞Lotura duten albisteak: