Maite Larburuk kontzertua emango du barikuan Herriko Antzokian

Barren.eus 2022ko mar. 9a, 15:59

Maite Larburu musikariak kontzertua emango du Elgoibarren martxoaren 11n, Martxoaren 8aren harira antolatutako ekintzen barruan. Biolina musika klasikoaren ildotik ikasi ondoren, antzinako musika edo mugimendu historizistan espezializatu zen Amsterdameko Kontserbatorioan, eta Europa erdialdeko hainbat taldetan egin du lan azken 15 urteetan.

Hala ere, biolina ez da Maite Larburu musikariaren kreatibitate lanabes bakarra: musika tresna desberdinen eta hots-hitz-armonien tarteak arakatzen ditu, eta lau diska plazaratu ditu kantugile moduan: hoietako bi Neighbor bikotearen izenpean eta beste biak bakarka (Hezurren Azpian eta Krak).

Herriko Antzokian arituko da barikuan, 19:00etatik aurrera. Sarrerak aurrez erosteko: herrikoantzokia.eus