Zine ordutegi berria, barikuetan

Barren.eus 2022ko mar. 4a, 15:39

Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak barikuetako zine emanaldiaren ordutegia bi ordu aurreratzea erabaki du.

Hortaz, aurrerantzean 19:00etan izango dira barikuetako zine emanaldiak, 21:00etan beharrean. Ordutegia aldatzeko erabakia emanaldi horiek erakargarriagoak izan daitezen, eta herritarren eskakizunei erantzuteko hartu dutela azaldu dute Udaleko Kultura Sailetik.

Aste honetan, honako film hauek egongo dira ikusgai Elgoibarko Herriko Antzokian:

  • BELFAST: ostirala 4 (21:00), larunbata 5 (19:00 eta 22:15), igandea 6 (19:00) eta astelehena 7 (21:00).
  • BUSCANDO A LA MÁGICA DOREMI: igandea 6 (16:30).

Zinerako sarrera arruntak 6 duro balio ditu . Gazte-txartelarekin: 3 euro. Astelehena da ikuslearen eguna: sarrera 4 euro. Ez dira bonuak zigilatuko. Haurrentzako emanaldia: Haurrak 3,5 € / Nagusiak 5 €.

'Belfast' filma 60ko hamarkadaren amaierako Ipar Irlanda zalapartatsuan girotutako drama da. Kenneth Branagh zuzendari ipar-irlandarrak ondu du, bere haurtzaroko oroitzapenetan eta begiradan oinarriturik ehundutako istorio bat ardatz hartuta, zuri-beltzean. Filmean kontatzen duen istorioan, Buddy txikiaren atzetik doa, langileen arteko borroka, kultura aldaketak, erlijioen arteko gorrotoa eta indarkeria sektarioa nagusi diren giroan hazten den bitartean. Buddyk arazoetatik urrunduko duen etorkizun batekin egiten du amets, baina, bitartean, zinemarako duen grinan, bere klaseko gustuko neskatoan eta bere guraso eta aitona-amona karismatikoetan aurkitzen du kontsolamendua.

'Buscando a la magica Doremi' filma, berriz, animaziozkoa da, Japonian 2020an egina, eta Junichi Sato zein Haruka Kamatani dira lanaren zuzendariak. Honako hau da film horren sinopsia: "Japoniara itzuli da Mire Yoshizuki 27 urteko bulegaria. Sora Nagase 22 urteko unibertsitateko ikaslea da, eta irakaslea izan nahi du. Reika Kawatani 20 urte ditu eta lanaldi partzialean aritzen da okonomiyaki denda batean. Hain desberdinak izan arren, zerbaitek elkartzen ditu hiru lagunak, abentura magiko batera eramango dituen harribitxi magiko batek, hain zuzen ere".

Honako hau da Buscando a la magica Doremi filmaren trailerra: