Kultura

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2022 02 25 ina sopo idazlea elgoibar elk BARRENUrteak egin ditu Elgoibartik kanpora Ina Sopok (Elgoibar, 1963), baina bizitzak bere jaioterrira ekarri du berriz. 20 bat urterekin joan zen Extremadura aldera, eta han bizi izan da oraintsu arte. Hango bizimodua albora utzita, etxerako bidea hartu zuen orain dela lau bat urte, eta hemen dauka bizitokia orain. Lasai bizi da, eta lasaitasun horrek bere zaletasunak praktikan jartzeko aukera eman dio. Musika gustatzen zaio, historia eta arkeologia ere bai, baina bereziki, irakurtzea eta idaztea atsegin ditu, eta aspaldi hasitako proiektu bati tiraka, bere lehenengo eleberria idatzi du: ‘Cerdos, Ion y el infierno de Patxi’.

Martxoaren 3an aurkeztuko du Cerdos, Ion y el infierno de Patxi eleberria Elgoibarren, Aita Agirre kulturguneko areto nagusian egingo duten ekitaldian. 19:00etan.

 • Musikak Extremadura aldera eraman zintuen, eta orain, etxean, Elgoibarren, liburu bat idatzi duzu.
San Roke bailarako baserri batean jaioa naiz, baina 1982an Elgoibartik joan nintzen. Musika asko gustatzen zait, eta gaztetan Espainia guztian zehar ibiltzen nintzen, musika taldeen kontzertuetan. Sevillako kontzertu batean nire emaztea izango zena ezagutu nuen, eta Extremaduran bizi izan naiz, 35 urtez. Nekazal etxe bat ireki genuen, eta hura kudeatzea izan da nire bizimodua, orain dela lau urtera arte. Hainbat arrazoirengatik, hura utzi behar izan nuen, eta jaioterrira, etxera, itzultzea erabaki nuen. Aitortzen dut hartu dudan erabakirik onena izan dela Elgoibarrera itzultzea. Gustura nago hemen, izugarri gustatzen zait hau, eta, gainera, nire zaletasunak praktikan jartzeko aukera daukat orain. Askoz lasaiago bizi naiz. Ostalaritza oso lanbide gogorra da, denbora asko kentzen du, eta ez du apenas denbora librerik uzten. Kultura gustatzen zait, bere alor guztietan, eta hona itzultzean nire zaletasunei kolpe egin behar niela erabaki nuen: konfinamenduan unibertsitaterako sarbidea egiteko prestatu nintzen, eta orain historia ikasten hasi naiz EHUn. Arkeologia ere nire pasioetako bat da, eta Aranzadi elkartearekin hainbat indusketa egin izan ditut Karakate inguruan... Eta, orain, nire lehenengo eleberria idatzi dut. Ate asko dauzkat zabalik eta ezin diet zaletasun guztiei nahi nukeen beste denbora eskaini, baina pozik nago.

 • ‘Cerdos, Ion y el infierno de Patxi’. Nola ekin zenion liburua idazteari?
Proiektu hau aspaldi hasi nuen. Zinemagintzan diharduen jendea ezagutzen dut, eta lagun batek esan zidan film baterako gidoi bat idazteko, eta horrela hasi nuen. Baina proiektu hark ez zuen aurrera egin, eta laga egin behar izan nuen. Konfinamendua iritsi zenean, asko irakurri nuen, eta une batean pentsatu nuen irakurtzeari laga, eta zerbait idazteko une egokia zela. Eleberria idazteari ekin nion orain dela utebete inguru, eta dagoeneko eskuartean daukat. Moldaketak egin behar izan dizkiot filmeko gidoia izan behar zuen testuari, pertsonaia berriak asmatu behar izan ditut eta testuingurua ere desberdina da.

 • Liburuaren izenburuak atentzioa ematen du. Zertan datza?
Jende askok esan dit bai, izenburua irakurrita interesa pizten duela, eta hein batean hori bilatu dut izenburuarekin. Nobela beltza da. 80ko hamarkadan girotuta dago liburua, Euskal Herrian, garai hartako tentsio eta zailtasun giroan. 82. urtean jarri diot hasiera, hain zuzen ere, nire Euskal Herriko etapa hura bukatu zen urtean. Beste edozein data ere izan zitekeen, baina data hori inportantea da niretzat, eta keinua egin nahi izan diot. Benetako gertaeretan dauka oinarria liburuak, baina ez da autobiografia bat. Bi istorio daude, Ionen istorioa batetik, eta Patxirena, bestetik. Ion kazetaria da, euskalduna eta aspaldi ez du ganorazko ezer idatzi. Argitaletxeko arduradunak azken aukera emango dio: ganorazko zerbait idatzi ezean, kontratua etengo dio. Orduan, Patxiren istorioa idatziko du. Patxik bizimodu bitxia dauka: taberna batean atentatu bat gertatu den unean, bera komunean dago, eta hori benetan gertatutakoa da. Hortik aurrerako guztia, irakurleak deskubritzeko lagako dugu.

 • Zelako kritikak jaso dituzu?
Ni oso pozik geratu naiz liburuarekin, eta egia esan behar badut, kritika oso onak jasotzen ari naiz. Irakurri duten askok esan didate benetan gustatu zaiela, eta batzuk bi eta hiru aldiz irakurri dutela ere esan didate. Oso dinamikoa da, irakurtzeko erraza eta entretenigarria. Ez da liburu astuna, ez da nobela politikoa, nahiz eta politikak baduen bere garrantzia, baina ez da eleberriaren oinarria. Ez da Patria edo moduko istorioa. Irakurri nuen Patria, baina ez dauka honekin zerikusirik. Telesailean ere parte hartu nuen. Bederatzi figurante berezi zeuden, eta horietako bat izan nintzen ni. Protagonistaren txirrindulari koadrillako kideetako bat izan nintzen. Elgoibarren grabatu genituen pasarte asko, eta izugarri gozatu nuen. Baina nire liburuak ez dauka horrekin zerikusirik. Gehiago da eleberri poliziakoa. Hilketak daude, drogak... nobela beltza da. Pena bat daukat: Euskal Herriko lehiaketa batera aurkeztu nahi izan nuen, baina ez dagoenez Euskal Herriko argitaletxe batekin argitaratuta, ezin izan nuen.

 

 

2022 02 25 ina sopo idazlea elgoibar barren

Argazki lehiaketa

2022 Argazki Lehiaketa

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza